Hendaiara iritsi ginenerako, konturatu ginen zerbait berezia bazela. Antigeno testa egiteko ilarak ikusi genituen farmazien kanpoaldean, bertatik igarotzen zirenen harridurarako. Denak ilaran, zintzo-zintzo, probaren emaitza jaso, eta Irisarrira abiatzeko deseatzen. Autopista kilometro batzuk egin ondoren, Lapurdi eta Behe-Nafarroako barnealdean ibili ginen, herri txiki eta paraje ederrak zeharkatuz. Azkenean, ikusi genituen EHZ aipatzen zuten lehen kartelak: iristear ginen!
Pandemiak baldintzatutako urte honetan, autoz eta furgonetaz betetako aparkaleku bat ikusteak berak hunkitu ninduen. Plazera izan da niretzat Euskal Herria osatzen dugun zazpi probintzietako herritarrak bertan elkartzea, zuekin guztiokin euskara eta euskal kultura ardatz duen jaialdian topo egitea. Pandemia honetan zehar etengabe-etengabe zatitu nahi izan gaituzte zazpi probintzietako herritarrak, elkar ikusteko oztopoak jarri, baina egun hauetan denok sentitu dugu zerk batzen gaituen: euskarak, eta euskal kulturak. Agintariek banatu egin gaituzte etengabe, baina batu gara Irisarrin.
Plazera izan da niretzat Euskal Herria osatzen dugun zazpi probintzietako herritarrak bertan elkartzea, zuek guztiokin euskara eta euskal kultura ardatz duen jaialdian topo egitea
Eta gure hizkuntza etengabe gutxiesten dutenen aurrean, gure hizkuntza, beste hizkuntza guztiak bezala, bizia, anitza eta eskubideduna dela sentitu dugu. Kantatu egin dugu euskaraz, dantza egin, eztabaidatu, hausnartu, oihu egin. Denetik izan baitugu Irisarriko belardi, plaza eta kaleetan: kontzertuak, dantza emanaldiak, zirko ikuskizunak, elektrotxaranga, antzerkiak.. osagai guztiak bestondokoari aurre egin, eta festan jarraitzeko.
Ez nuke iritzi artikulu hau amaitu nahi antolatzaileen lana aipatu gabe. Eskerrik asko goizeko ordu txikitan ogitartekoa ekarri zigunari, etengabe kafea eskaintzen aritu zineten horiei, behin eta berriz zer moduz geunden galdetu zigun horri, afari goxo hura prestatu zigutenei... Eskerrik asko hainbeste orduz lanean aritu eta gero, hain jator portatu eta hain gertuko izateagatik. Eskerrik asko zinez.
Eta eskerrik asko jakina, oztopoak oztopo, jaialdi hau antolatzeko lanean ibili zineten guztioi. Ederra izan da zuen irribarreak ikustea, besarkatzea, musukatzea, zuekin batera salto egitea, oihukatzea eta hunkitzea. Hurrengo urtean ikusiko dugu elkar berriz ere, ziur.
*Doakiela nire babesa larunbat gauean eraso sexistak salatu zituzten emakumeei.