Kiroldegian espazio bat egokituko dute sukalde bat egiteko

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 15a, 09:50

Sukalde horretan elikagaiak prestatu, bildu eta merkaturatu egingo dituzte; tokiko elikadura osasuntsua suspertzea du helburu Anoetako Udalak. Espazio horren kudeaketa lehiaketa publiko bidez egingo da eta proiektuak aurkeztu daitezke ekainaren 22a baino lehen.

Anoetako Udalarentzat azken urteetako lan ildoak izan dira ekonomia zirkularra eta ekonomia ekologikoa. 2018. urtean Bertakoa Bertatik kanpaina hasi zuen tokiko elikadura katea indartzea helburu: elikagaien ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. Hausnarketa baten ondorioz sortu zen proiektua, ikusi baitzen azken urteetako gizartearen bilakaerak itzalean eta gainbeheran jarri dituela tokiko elikagaien ekoizpena eta, baita herrietako merkataritza txikia ere. Hori dela eta, konpromisoa hartu eta dinamikak jarri ziren martxan helburu izanik bertako ekonomia bultzatzea, paisaiari eustea, ingurumena zaintzea, herritarren osasuna hobetzea, euskal kultura zein nortasuna indartzea eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonen duintasuna bermatzea.

Tokikotasunetik ekonomia zirkularraren eta ekonomia ekologikoaren oinarriak bultzatzea eta helburu horiek lortzeko praktikak indartzea da udalaren asmoa eta tokiko elikadura osasuntsuaren aldeko apustua egingo du orain. Anoetako Udalak erabaki du espazio berri bat sortzea zeinak, batetik, helburu izango duen herriko ekonomia dibertsifikatzea eta lan aukera berriak sortzea; eta, bestetik, egokitu egingo den herritarren kontsumo ohituretara.

Hori lortzeko Abraham Olano Kiroldegian espazio bat egokituko da sukalde moduan, eta bertan elikagaiak prestatu, aurkeztu eta merkaturatu egingo dituzte. Espazio horren kudeaketa lehiaketa publiko bidez egingo da. Esleipen prozesua bukatzen denean, lehiaketa irabazi duenarekin adostuko dira obraren nondik norakoak. Ekainaren 22a da proiektuak aurkezteko azken eguna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!