Zeure burua aurkitu behar omen zenuen, mundura zertarako sortu zinen asmatu. Berrabiarazi egin behar zenuela, deseraiki eta berriz eraiki. Reset. Ez zenidan arrazoi berezirik eman, ezta behar ere. Izan ere, gero eta zailagoa da sistema gupidagabe honetan sinestea: mundu laurdena gerran, beste laurdena goseak akabatzen, eta hori gutxi ez eta zientoka eta milaka itsasoak irentsita. Bien bitartean guk geuk begi kliskarik ere ez. Naturala horixe balitz bezala. Baina zu ez zinen mirariaren zain geratu. Ez zinen nekatu agintariak larrutzen, ez zenien konponbiderik exijitu. Badakizulako denboraz kanpo eta epelkeriekin erantzuten dutena, elkarri pilota pasaz, uneoro handiagoa den pilota. Horregatik zure bizimodu osoa maleta eskas batean sartu eta han abiatu zinen kementsu, konbentzimendu osoz horixe zela barruak eskatzen zizuna.
Arima karitatetsu bihurtu zara geroztik; ikasi nizun ez zenuela errukirik nahi, ezpada ekintzak, eta horretantxe diharduzu harrezkero, jardunez lanean. Lantzean behin gogo onez hartzen dut zure berri, nahiz eta kontatzen didazun miseriak atximur egiten didan. Eta pozten naiz ez naizelako erabat anestesiatu, oraindik geratzen zaidalako enpatia eta kontzientzia, oraindik sentitzen dudalako samina eta ezinegona, dosi txikian bada ere.
Nire erara lagunduko nizula agindu nizun, hemengo erosotasun eta fribolitatetik, kontu korronte baten galbahetik. Eta hala jarraituko dut, gutxi batzuek egin dezazuen askoz gehiagok egin beharko genukeena.