EH Bilduren 10. urteurrena ospatu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 31a, 13:27

Anoetako EH Bilduk 10. urteurreneko ospakizunen harira hainbat ekimen burutu ditu asteburuan: ostiralean dokumentalaren proiekzioa eta larunbatean Mikel Oterorekin solasaldia.

Ostiralean 10.urteurreneko dokumentala proiektatu zuten Zimiterioan. Larunbatean, berriz, Mikel Otero Anoetako legebiltzarkidearekin solasaldia egin zuten, Larrialdi klimatikoari nola aurre egin ezkerretik eta burujabetzarantz gaiaren bueltan. Bizi dugun mundu mailako larrialdi klimatiko honen zergatiak eta ondorioak aztertu zituzten solasaldian eta sistema hau sostengatu nahi dutenek egiten duten "aurpegi berdetzea" aipatu zuen Oterok; "AHT trantsizio ekologikorako proiektu estrategiko bezala salduz, multinazional eta enpresa handien mesedetara jarriz larrialdi klimatikoari aurre egiteko laguntzak...". Ikuspegi ezkertiar batetik, eta Euskal Herriaren burujabetza helburu izanik, herri bezala nola jokatu beharko litzatekeen aztertu zuen legebiltzarkideak larunbateko solasaldian.
 
Azkenik, Anoeta bezalako herri txiki batetik, maila lokalean zein neurri hartu beharko litzatekeen aztertu zuen. Gai hau estrategikotzat jotzen dute Anoetako EH Bildun eta aurrerantzean ere honen inguruan hausnartu eta lanean jarraituko dutela hitz eman dute, "herrigintza eta udalgintza uztartuz, beharrezko neurriak planteatu eta herritarrekin bide hau egiteko".
 
Zinegotzi berria
 
Bestetik, asteleheneko udal plenoan Mikel Olano Aburuzak hartu du Jokin Tolosa Zabalaren lekua EH Bilduko zinegotzi bezala. Anoetako EH Bildutik eskerrak eman nahi izan dizkiote Jokin Tolosari, "urteetan egindako lanagatik eta herriarekiko erakutsi duen konpromisoagatik". Mikel Olanori, berriz,  "babesa eta laguntza" eskaini diote Anoetako EH Bildu osatzen duen komunitate zabalaren izenean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!