Poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte Anoetan

Ataria 2021eko maiatzaren 27a

Guztira, 1.000 erosketa zorro handi eta 2.000 poltsa txiki banatu zituzten Anoetako Herri Ikastolako ikasleek.

Anoetako Herri Ikastolako ikasleak poltsa berrerabilgarriak banatzen aritu ziren joan den ostiral goizean. Anoetako Udalak eta ikastolak hainbat dinamika dituzte elkarlanean ingurumena zaintzeko eta bertako produktuak sustatzeko, besteak beste, Agenda 2030 eta tokiko produktuen sustapen proiektua.

Ekimen horien barruan egin zituzten aurreko ostiraleko ekintzak. Lehenik ikastolako ikasle ordezkariak bildu ziren alkatearekin, eta ikasturtean landutako proposamenak helarazi zizkioten. Landu zituzten ideietako batzuk dira erosketak egiterakoan produktuak bertako baserritarrei erosteko konpromisoa eta baserritarren azokak sustatzeko proposamena.

Bilera amaitutakoan, herriko plazara joan ziren aurretik aipatutako helburu horiek lortzera bidean lehen aletxoa jartzera. Ikastolako haurrek telazko poltsa berrerabilgarriak doan banatu zituzten; zehazki, 1.000 erosketa-poltsa handi eta 2.000 poltsa txiki zituzten banatzeko. Denetariko herritarrak inguratu ziren ikasleek jarritako postura, eta guztiek jaso zuten zorro bana. Banatu ez zituzten poltsak, berriz, eskuragarri daude herriko dendetan. Bertakoa bertarik leloa dute zorro guztiek, tokiko produktuen salerosketa sustatzea helburu.​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!