Elkarrizketa

"Erabat bizirik eta egonkor dago duela hamar urte jaio zen proiektua"

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 27a, 19:59

EH Bilduk hamar urte bete ditu aurten, eta horren harira, Anoetan, bi ekitaldi antolatu dituzte astebururako; larunbatean, Mikel Otero anoetarrak klima larrialdiaren inguruko solasaldian hartuko du parte.

Ospakizunerako urtea dute EH Bildukoek. 10 urte bete ditu koalizio abertzaleak, eta ospakizunari jarraipena emateko, Anoetako EH Bilduk bi ekitaldi antolatu ditu. Ostiralean, EH Bilduren ibilbidea jasotzen duen 10 urte baino ez dokumentala proiektatuko dute, 18:30ean, Zimiterioan. Eta larunbatean, Mikel Otero (Anoeta, 1972) EH Bilduko legebiltzarkideak solasaldia eskainiko du 11:00etan, ikastolako belardian: Larrialdi klimatikoari aurre egin ezkerretik eta burujabetzarantz. Anoetatik zer?. Eguraldi txarra eginez gero, auditorioan izango da. Bi ekitaldietarako haurtzaindegi zerbitzua jarri dute.

Bada zer ospatua EH Bildun?

Asko daukagu ospatzeko, bai egindako ibilbideagatik, eta baita ere dokumentalak dioen moduan, 10 urte baino ez, ibilbide luzea daukagulako aurretik. Subiranotasunetik eta ezkerretik eraikitako esparru politiko anitz baten jaiotza eman zen duela 10 urte eta ibilbide mardula, polita eta emankorra izan du. Zenbakiak hor daude: azken udal hauteskundeetan Euskal Herriko lehen indarra izan gara, hainbat erakunde kudeatzen aritu gara, eta onena iristear dago.

Ibilbide baten hasiera besterik ez da?

Azken 10 urte hauetan korronte politiko ezberdinen uztartze bat egon da; herri honen alde funtzionatzen ari den makineria bat olioztatzen aritu gara. Uste dut, EH Bildu heldutasun batera iritsi dela, eta Euskal Herri osoarentzako ezkerreko alternatiba bat eraiki dugula. Hainbat lekutan eta gobernutan, eta herrietan ditugun 116 alkateekin egiten ari garen lan hori, nazio mailara eskalatu behar dugu eta gure herritar guztientzat, dagoeneko erdi agortua dagoen EAJren gobernatzeko ereduaren aurrean, bere osotasunean alternatiba sendo bat izango dena eraiki eta baliatu dugu.

Marraztuta dago etorkizuna?

Leku ezberdinetan aritu gara proposamenak egiten, eta hainbat politika zehatz abian jartzen; gehienbat, udal mailako politikan, baina, aldi berean, Euskal Herri osorako proiektu sendo eta oso bat osatu dugu, eta orain, proiektu hori islatzeko momentua da, bai Nafarroako erakunde nagusietan eta baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoetan ere. Euskal Herri osorako ezkerretik eraikitzen ari den alternatiba bat da, langile klasearen aldekoa, feminismoaren aldekoa, ekologismoaren aldekoa eta beste hainbat ezaugarri dituena.

Zein balorazio egin duzue orain artekoaz?

Positiboa izan da. Erabat bizirik eta egonkortuta dago duela hamar urte jaio zen proiektua; batzen eta biderkatzen jakin duen esparru politiko zabal bat mamitu dugu. Ibilbide honetan denetik topatu dugu: 2011ko EH Bilduren eztanda handi horretatik, 2015 inguruan, Podemosen agerraldiarekin, beherakadatxo bat ekarri zuen. Baina, nik uste estatutik zetozen haize horiek, politikoki gure herrian puxika bat bezala puzten joan diren horiek, azken urteetan bere lekura etortzen ari direla, eta berreskuratu dugula EH Bilduk hasieran izan zuen kemen eta herritarren babes hori. Azken urteetan goranzko norabidean gaude berriro.

Gaur egun EH Bildu puntu onean, egokian ikusten duzu?

Bai, nik legebiltzarretik ikusten dut mundua, baina nik uste sendotasun eta heldutasun bat baduela. Hanka bat gaur egungo errealitatean ondo oinarrituta dugu, eta beste hankarekin, gaur egun topatzen ditugun muga ezberdinak, muga instituzionalak edo juridikoak bultzatzeko asmoa dugu. Horrela egin behar da politika, bizi duzun errealitatean ondo errotuta, bestela ez dago modurik jendearen eguneroko beharrekin konektatzeko, baina, aldi berean, beste ortzi-muga bat eskaini behar zaio jendeari, inguruan ditugun mugak gainditzeko modukoak direla irudikatzeko.

Asteburuan, jaioterrira itzuliko zara klima larrialdiaren inguruan hitz egitera.

Ilusio berezia egiten dit, lehendabiziko aldia izango baita termino politikoan joango naizena. Izan ere, aspalditik Araban bizi naiz, eta anoetarrak nitaz gogoratu izana pozgarria da. Gainera, EH Bildurentzat oraintxe bertan gakoa den gai bat aztertzera joango naiz, klima larrialdia, zehazki, baina orokorrean gaur egun bizi dugun krisi ekologikoaren inguruan ariko gara.

Klima aldaketari erantzuna ezkerretik eta burujabetzarantz soilik eman ahal zaio?

Bai, zalantzarik gabe. Oraintxe bertan arazo oso potoloa daukagu: klima krisi orokortu bat daukagu, eta argi dagoena da trantsizio azkarra eta zabala egin behar dugula. Aldaketak egiteko garrantzitsua da bi aspektu horietan azpimarra egitea. Batetik, ezkerretik egin behar da aldaketak guztiontzat justuak izan daitezen, Eta bestetik, subiranotasuna gakoa da. Guk badugu subiranotasun falta bat, eta trantsizio energetiko bat egin nahi badugu, erabakiak guztiok batera hartu behar ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!