Ingurumenera gerturatzeko eta hura zaintzeko lanketa egiten ari dira Anoetan

Ataria 2021eko maiatzaren 20a

Argazkiak: Anoetako Herri Ikastola

Anoetako Udalak, Anoetako Herri Ikastolarekin batera baso eskolen proiektua bultzatu du eta Agenda 2030 dinamika lantzen ari dira elkarrekin. Alkatea ikastolako haurrekin bilduko da ostiralean, ingurumenaren gaia jorratzeko.

Anoetako udalak ingurumena zaintzeko hainbat proiektu ditu ikastolarekin elkarlanean, horien artean daude, dagoeneko martxan dauden baso eskolak eta Agenda 2030 dinamika. Azken horren harira, ostiralean ikastolako haurrekin bilduko da alkatea.

"Naturatik gero eta gehiago aldentzen aritu gara. Oso garrantzitsua da haurrak gelatik ateratzea eta ingurumenarekin harremanetan jartzea; naturara gerturatzea”, horrela hitz egin du Pello Estanga alkateak baso-eskolen inguruan. Ingurumena lantzeko hainbat dinamika ditu martxan udalak eta horietako bat dira baso eskolak.

Anoetako Herri Ikastolarekin batera ari da bultzatzen proiektua, eta metodologia horretarako beharrezko egokitzapenak ere egin dituzte, besteak beste, irakasleentzako formakuntza finantzatu du eta ikastolarentzat eskuragarri jarri ditu udalarenak diren lursailak. Ikastetxearen kanpoan espazio berri bat ere atondu dute: sei mahai jarri dituzte ikasleek eskolak aire librean jaso ditzaten.

Estangak azaldu duenez, azken urteetan gizartea naturatik aldenduz joan da, eta beharrezkoa iruditu zaie lurrarekin eta lurraldearekin harremanak berreraikitzea. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute naturarekin zuzeneko harremana izateak zuzenean eragiten duela haren zaintzan. Horixe da Anoetako Udalaren apustua: "lurrarekin harreman estua izango duten herritarrak heztea".

Hari berari tiraka, udalaren eta ikastolaren arteko elkarlana indartu dute Agenda 2030 dinamikaren bitartez: ikasturte osoan lanketa egin dute Ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkorrean gaiaren bueltan. Egitasmoaren barruan, bilera egingo dute ikastolako haurrek eta Anoetako alkateak. Ostiral honetan izango da eta bi zati izango ditu: lehenik ikasleek batzar aretoan azalduko dituzte ikasturtean egindako hausnarketa eta landutako proposamenak; ondoren, herriko plazara joango dira burututako lana herritarrei azaltzeko.

Ostiralean abiatuko dute herriko merkataritza zein tokiko elikadura indartzeko kanpaina, eta plastikoaren erabilera murrizteko, erosketa poltsa jasangarriak banatuko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!