ELKARRIZKETA

«Trikitiari eskerrak emango nizkioke eman dizkidan bizipenengatik»

Maixa Lizarribar / Manex Torrealdai 2021ko mai. 22a, 07:58
Leire Zumeta Anoetako plazan. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Hauspo Artean irratsaioko kideek Leire Zumetarekin hartu dute kafea oraingo honetan. Anoetarra Iratzar taldeko trikitilaria da, eta Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdairen galderei erantzun die. Erromeriarik gabe bizi ote daiteke?

Trikiti eta trikiti doinuen artean, eta bigarrenez ama izan berritan, Leire Zumeta anoetarrak ATARIA estudioko ateak zeharkatu eta Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdairekin batera, kafea hartu eta erromeria garaiak ekarri dituzte gogora. Eneko Dorronsoro, Untza eta Xabi eta Kristina Solano artisten doinu artean galde-erantzunetarako tartea izan da.

Soinua jotzen duzulako gonbidatu zaitugu Hauspo Artean-era. Trikitilaria izateko berriz, Aizterrazun jo behar omen da. 

Ba urteak ez dudala bertan jo!

Orduan baduzu agiria?

Argazkia ere badago!

Zein duzu zure soinu gustukoena?

Ez da soinu-soinua baina burura datorkidan lehena da... Lehenengo jostailua, amonak oparitutakoa. Ez daukat gordeta, ez daukat argazkirik baina ederki gogoratzen naiz zuri eta berdea nolakoa zen. Tolosako azokatik ekarrita, amonak. Nik uste hori izan dela lehenengo tresna zarata edo doinua edo ateratzen zuena eta etxean horrekin hasi nintzen.

Eta bestetik, norbere patrikatik ordaindutako lehenengo trikiti hori. Kuttuna dut, ez da soinu berezia ateratzen duela, beste zentzu bat hartzen dute norbere dirutik ordaindutako gauzek. Korrientea da.

Zein da zure erreferentea?

Etaparen arabera bat izan daiteke. Adibidez, triste zaudenean kanta tristeagoak entzungo dituzu eta subidoiarekin zaudenean, bestelakoak... Ba berdina erreferenteekin; ni bizitzako etapa diferenteetan erreferente ezberdinak izan ditut. Gutxika joan naiz trikitilari berriak deskubritzen. 

Umetan, adibidez, Martinengana joaten nintzenean ikastera, ikasi eta jo izaten zen, eta horrekin disfrutatzen nuen baina ez nuen galdetzen ez zer pieza zen, ez norena zen... Zenbat abesti jakingo ote ditugu zer izen duten ere jakin gabe!

«Dituzun irakasleen arabera, haiek ere erreferente bihurtzen hasiko dira; Kristina eta Xabi Solano ditut gogoan»

Egia da gu ikasten ibiltzen ginen garaian fandangoek ez zutela izenik. 

Horrela da. Hasierako urte horietan, jo eta inongo erreferentziarik gabe disfrutatu egiten nuen. Egia da, gerora, bederatzi urterekin hasi ginela txapelketetan parte hartzen eta orduan gure erreferenteak gu baino helduagoak zirenak ziren: Urko Pontesta, Eneko Bergara, Saioa Lizarralde... Latzak ziren! Gerora nagusiagoen txapelketetara jo eta Edurne Iturbe, Joseba Iparragirre... azaltzen hasten dira, ezagutzen ez genituen trikitilari batzuk azaltzen hasten dira... Abanikoa nolabait irekitzen hasten da.

Dituzun irakasleen arabera, haiek ere erreferente bihurtzen hasiko dira. Kristina Solano eta Xabi Solano izan nituen eta gogoan daukat adibidez, Anoetako plazan, Etzakit taldearen kontzertu batean egon nintzela; Anoetako plaza erabat betea. Eskaileretan eseri eta hortxe egon nintzen kontzertu guztia, «zer da hau?» pentsatzen. Ikusten duzu zure irakaslea ari dela dena ematen, eta pentsatzen duzu: «Zer izango da hor jotzea?». 

Hortik gauetan ateratzen hasten zarenean, erromeriak eta ezagutzen hasten zara: Maixa eta Ixiar, M-N Ezten... Urteek aurrera egin ahala joaten zara aldatzen, egia da ez dudala inoiz inor finkoa izan.

Orain dela urte batzuk izan nuen aukera Joseba Tapiarekin klaseak emateko eta iruditzen zitzaidan ni zazpi urteko ikasle bat nintzela, lehenengo aldiz joaten nintzela trikitia ikastera. 

Bakoitzarengandik beti zerbait hartzen duzu, baina ez dut beti bat mantendu.

Zure gurasoen etxean, kotxean zer entzuten zen?

Gurean kaseteak baino gehiago Arrate irratia egoten zen, eta baita gaur egun ere. Gurasoen etxean ez da oso ondo entzuten Arrate irratia eta antena balkoian puntu konkretu batean dago jarrita entzun ahal izateko. Eta kotxean ere berdina pasatzen zen, «ea Arrate irratia ondo entzungo al den?». Gaur egun ere, baserrian sukaldera sartuko zara eta agian ez da sukaldean inor egongo baina Arrate irratia piztuta egongo da.

Gurasoek entzundakoa bere eragina izango zuen, ezta? Trikitizaleak izanda...

Bai, dudarik gabe. Baina seguruena gurasoek baino gehiago bi osabek izango zuten nigan eragina. 

Geratu zaizu zuzenean ikusi gabeko talde edo erromeriarik? 

Kepa Junkera ez dut sekula ikusi. Izango naiz trikitilari gutxienetakoa Junkera ikusi ez duena. Bestetik, Carlos Nuñez; egia da gertuan ibili dela baina ez dut ikusi... Gustura ikusiko nuke.

Soinua edo panderoa izan ezean, zein instrumentu izango zen?

Badakit trikitia hartu aurretik dudatan egon nintzela biolinarekin, baina oraintxe bertan neure burua biolinarekin ez dut irudikatzen. Gogoratzen naiz baserrian sukaldeko telebistan ez dakit zein kontzertu izango zen baina biolinak horrelako tiradizoa egin zidala. Oraintxe bertan, egia esan, ez naiz ikusten. Bestela, oraintxe adin bat badugula, gustatuko litzaidake, ondo jotzen jakitea, pianoa eta gitarra. Gitarra akustikoa ondo jotakoa ere latza da!

Trikiti irakaslea zara. Zertan zabiltza orain, zer asmo dauzkazu? 

Oraintxe, duela hilabete, bigarren haurra izan berritan naiz, beraz eskuartean dudan proiektua haur txikia beso artean izatea da. Musika eskolan amatasun baja hartu dut eta gerora bueltatuko naiz, noski. Bestetik, Iratzar taldean urte batzuk badaramazkit eta hor ere ordezko gisa Oskar Estanga hasiko da. 2012an hasi ginen taldearekin, jada hamar urteren bidean goaz. Ea urteak zer ekartzen digun guztiori, ea erromeriak hasten diren...

Oso galdera tipikoa egin beharko genizuke orain. Ama zara, bigarren umea jaio berritan eta erromeria talde bat duzu. Hori nola ezkontzen da?

Lehenengoarekin gogorra izan zen, baina egia da etxean zaudenean burura etortzen zaizkizula kontzertuan bizi izandako momentuak eta faltan botatzen da. Gero egia da ekipoa muntatzea, entsegu orduak... gogorra egiten dela baina lehenengoarekin moldatu nintzen. Esango nuke zortzi hilabete zituela izan nuela lehen kontzertua. Ea bigarrenarekin, ikusiko dugu, poliki-poliki.

«Lehen haurrarekin gogorra izan zen, baina etxean zaudenean burura etortzen zaizkizu kontzertuan bizi izandako momentuak»

Sare sozialetatik jasotako galdera da honakoa. Inoiz geratu zaizu trikitiaren botoiren bat ataskatuta? Zer egiten da kasu horretan?

Behin Ibarrako Alurr dantza taldearekin nazioarteko jaialdi batera joateko aukera izan genuen. Esango nuke honako anekdota Eslovenian gertatu zitzaidala. Agertoki ezberdinak zeuden eta ordu ezberdinetan toki ezberdinetan jotzea tokatzen zitzaizun, egunez kriston beroa egiten zuen eta gauez kriston pila hozten zuen. Tenperaturarekin trikiti bat huts egiten hasi zen, baina ez ginen konturatu lehen aldiz jotzera joan ginen arte. Gauean agertokira igo eta botoia desafinatuta edo ataskatuta, ez naiz ondo gogoratzen, baina hamar minututan ezin partiturak tonoz aldatu eta beste trikitiarekin dena aurrera atera nuen. Zer egiten den? Nik errazena egin nuen, trikitia aldatu. Baina momentu horietan apurua pasatzen da.

Sare sozialetik beste galdera bat. Zer tonotan gustatzen zaizu kantak jotzea?

Trikiti askorekin ikusten gaituztenean, ez ditugu ateratzen zenbat ditugun erakusteko, tonoz aldatzeko baizik. Kristina Solanok behin esan zidan: «Oraindik gaztea zara eta bizi-biziak gustatzen zaizkizu, baina ikusiko duzu adin bat duzunean Sol-ekoak nola gustatuko zaizkizun». Buruan grabatuta daukat eta horrelaxe izan da.

Berriz bueltatuko zinakeen plaza?

Iratzarrekin, hasiera-hasieratik, Ibarrako sanbartolometako larunbateko kontzertuan izan gara ia urtero, eta latza iruditzen zait.

Errenteriako madalenak ezagutu gabe nengoen, duela bi urte bertan jo genuen eta hura ere latza!

Eta bueltatuko ez zinakeena?

Plaza guztiek bigarren aukera bat merezi dute, ezta? Garralda datorkit burura. Bi orduko bidaia eta sei orduko emanaldia. Gogoan nekea baino ez nuen, hurrengo urtean deitu ziguten berriro joateko. Kasualitatea ostiralean jo behar genuen bertan eta larunbatean nire kuadrillak ezkontzako despedida egin behar zidan; beldurra nuen nekeagatik. Eta bat-batean ostiralean, Garraldako kontzertuan nintzela, eszenario atzetik nire hogei lagunak azaltzen direla, bertan hasi genuen despedida!

Non ez duzu jo eta gustatuko litzaizuke?

Donostiako Aste Nagusian La Flamenkan joko bagenu gustura!

Norekin gustatuko litzaizuke kolaborazio bat egitea?

Ez dut iniziatibarik eduki zerbait pertsonala grabatzeko. Kolaborazio bat eskatzeko ziurtasun-gabezia puntu bat edukiko nuke. Ez dakit, gertuko norbait, konfiantzazko norbait beharko luke. Adibidez Kristina Solanorekin gustura egingo nuke.

Zer esango zenioke zure tresnari?

Eskerrak emango nizkioke eman dizkidan bizipenengatik, eta eskerrak jendea eta plazak ezagutzeko aukeragatik, ikasteko aukeragatik, ofizio bat izateko aukeragatik. Esker ona instrumentuari eta instrumentura gertuarazteko aukera eman didatenei, gurasoei. Musikarien ibilbidea ez da erraza eta etxean horrelako babes bat izatea eskertzeko da.

Hauspo Artean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!