Txertorik onena

Azken asteetan, koronabirusari aurre egiteko txertaketa kanpaina bolo-bolo dabil komunikabideetan eta herritarron ahotan. Txertaketa kanpaina bera azkartzen ari da, eta horren ondorioz, badirudi argi pixka bat ikusten hasi garela tunelaren amaieran. Hala diote agintariek behintzat.

Egia esan, poztekoa da egoerak hobera egin izana; izan ere, herritar askok egoera oso latzak pairatu behar izan dituzte, neke pandemikoa delakoa oso nabaria da herritarrengan, eta 'bizitza normalera' bueltatzeko gogoz gaude denok. Egun hauetan, 'lehengo' bizitzaz pentsatzen hasi naiz, eta baita pandemiaren lehenengo egunetan hedatu ziren diskurtsoetan ere. Horretan ari nintzela, errepideak hustu zireneko irudiak etorri zaizkit gogora. Etxetik N-1 errepidera begiratu eta soinurik sumatzen ez genuenekoa. Edota animaliak hirietako kaleetan paseoan ikusten genituenekoa.

Garai hartan, behin eta berriz aipatzen nuen Lur planetak abisu bat eman zigula, ez genuela luzaro iraungo erritmo frenetiko horretan, klima larrialdiaren larritasuna lehen planoan agertu zen, eta agerian gelditu ziren eredu ekonomiko estraktibista eta neoliberal basati honen mugak, kalteak eta ondorio latzak.

Hilabete hauetan guztietan herritarrak ohartu omen dira zeinen inportantea den landa eremua, zein garrantzitsua den bertakoa jatea, elikagaiak ekoizten dizkiguten baserritarrak zaintzea. Pentsamendu horiek guztiak arin ahaztu zaizkigulakoan nago, ordea; mundua gelditu den bitartean, gure agintariek jarraitu baitute gure inguruko mendiak birrindu eta AHTa egiten, Donostiako metroa eraikitzen, Lekaroz inguruan turismo basatira bideratutako golf zelaia eta 200 etxebizitza baino gehiago egiteko zuhaitzak suntsitzen, Supersur autobidea egiteko Bilboaldeko Bolintxu ingurune natural bakarra desagerrarazten. Azken batean, ingurumena eta ekosistemak suntsitzen. Proiektu horiek batzuk besterik ez dira, eta zerrenda amaigabea da.

Jule Goikoetxeak esana da zientzia pentsamendu kritikoz egiteko ezinbestekoa dela ikerketa eta helburua -emantzipazioa- ez bereiztea. [...] Txertorik onena hori delakoan nago.

Txertoei esker egoera arintzen ari dela dirudi, eta komunitate zientifikoak ondorioztatu du eraginkorrak direla. Hala ere, kezkatzen nau pentsatzeak lehengo erara bizitzen jarraituko ote dugun, ezer aldatu gabe, berriz ere pandemia bat helduko balitz, txerto batek konponbidea ekarriko digunaren esperantzaz. Edota pixkanaka-pixkanaka LUR planeta hiltzen jarraituko ote dugun, komunitate zientifikoak Martera eramango gaituen espazio-ontzia noiz egingo zain. Jule Goikoetxeak esana da zientzia pentsamendu kritikoz egiteko ezinbestekoa dela ikerketa eta helburua -emantzipazioa- ez bereiztea. Bide horretan, jarrai dezagun zientzia, eta pentsamendua kritikotasunez lantzen. Txertorik onena hori delakoan nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!