ARITZIA. NINIAK eta YOYOAK

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2021eko maiatzaren 22a

Euskaltegian sarritan galdetzen didate, aditz-taula bat ikusterakoan: «¿Qué es ese Hi?».

Nik hitanoa dela esaten diet; zukaren aldean, gertutasun handiago adierazten duen erregistroa, nahiz eta, gaur egun, ez den gehiegi erabiltzen.

Nire baitan, ordea, jabetu naiz gero eta nini gehiago entzuten dudala, eta ez naiz ari lanik edo ikasketarik gabeko gazte/ezhaingazteei buruz, baizik eta une oro ni, nik eta nire jo eta su darabilen horri buruz; izan euskaraz, izan gaztelaniaz. Onar dezagun: nika nagusitu da gure garunean, pentsamendu eta ekintzetan. Ni eta nire onura, ni eta nire burbuila albait distiratsuen mantentzea bilakatu da iraupenerako giltzarri.

Bien bitartean, auto-erantzukizuna eskatzen digute Ajuria-Enetik, paradoxikoki, Auzolana lelo duen teilatu beretik. Ziur aski, bai zu eta bai ni lelo pare bat izango gara, baina jakitun naiz autogobernuak lotsagorritzeko porrota jaso duela, autonomismo miragarria motz geratu dela, oso eskas, erantzule politiko askoren euskara-mailaren antzera.

Oraindik ez da berandu GURE etxeko sukaldeak, kaleak, eskolak zein lantegiak 'gutanoz' pizteko

Galtzaundik eginiko hizkuntzaren azken kale-neurketen arabera, Tolosaldea euskararen arnasguneetako bat da. Alabaina, hitanoaren gisan, gutanoa ere beheranzko joera hartuta dabil aspalditxoan. Irakatsi zizkiguten butano, metano eta propanoaren formulak. Oraindik ez da berandu GURE etxeko sukaldeak, kaleak, eskolak zein lantegiak gutanoz pizteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!