Herriko festak bertan behera uztea erabaki du udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 18a, 11:59

Herriko ohiko festarik ez, baina Anoetako Udalak egitarau berezia antolatu du datozen bi hilabeteetarako.

Bizi dugun egoerak hala behartuta, aurten ere, herriko festak bertan behera uztea erabaki du Anoetako Udalak. Hala ere, herriko jaiak ospatzea ezinezkoa izanagatik, arau guztiak betez herriko kultur eskaintzari eusteko apustua egin du.

Pello Estanga alkateak azaldu duenez, bi ondorio nagusi jaso zituzten iaz martxan jarritako hausnarketa prozesuan: batetik, jaiek izaera parte hartzaileagoa berreskuratu behar zutela, «herritarrak protagonista izango zituena eta ez kontsumitzaile». Eta bestetik, ekitaldiak antolatzeko garaian sentsibilitate berezia duten sektoreak kontuan izan behar zirela, «herritarrek nahi duten Anoeta hori lortzeko bidean».

Horregatik kultur eskaintza berezia antolatu dute maiatzerako zein ekainerako. Horrela hitz egin du Estangak egitarauaren inguruan: «Herriko jaiak ospatuko ez baditugu ere, kultur eskaintza antolatzean udaletik ahalegin berezia egin dugu herritar bakoitzak bere sentitzen duen esparru horretan egin dezakeen ekarpena jasotzeko eta aintzat hartzeko».

Prozesu horren emaitza da datozen bi hilabeteetan herrian kulturaz gozatzeko izango duten aukera. Egitaraua osatzerako garaian, ahalegin berezia egin dute askotariko izaera duten ekitaldiak antolatzen, izan ikuskizunak, tailerrak, kirol ekitaldiak eta abar. Horien artean, nekazaritza ekologiko, zirku eta baratze tailerrak. Bestetik, jende pilaketak ekidin eta herriko txoko ezberdinak biziberritu asmoz, plaza deszentralizatu eta espazio berrien aldeko hautua ere egin dute.

Anoetako alkateak uste du osasun fisikoa adina zaindu behar dela osasun emozionala: «Guztion eskubidea da pandemia garai hauetan gure osasun emozionalaz jabetzea, zaintzea eta kulturaz gozatu ahal izatea; esan gabe doa norberaren ardura dela indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatzea ere». 

KULTUR EKITALDIAK

Maiatzak 21. Death Cafe saioa heriotza eta doluaz aritzeko.

Maiatzak 22. Sukaldaritza tailerra.

Maiatzak 23. XXXVII. M. Oiarzabal eta A. Urkola memoriala. Txirrindularitza lasterketa.

Maiatzak 23. Erik eta Win antzerkia.

Maiatzak 26-27. Ikasturte bukaerako pilota saioak frontoian.

Maiatzak 29. Sukaldaritza tailerra / Zirkua familian / Nekazaritza ekologikoko ikastaroa hasiberrientzat.

Maiatzak 30. Anoetako txistulari taldearen kalejira.

Ekainak 3. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Amaren intxaurrak.

Ekainak 4. Mikra zirku ikuskizuna.

Ekainak 5. Ibilaldi neurtua.

Ekainak 5. Bertso saioa.

Ekainak 6. Ametsen urtebetetzea haur ikuskizuna.

Ekainak 6. Pentatloia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!