'Bideak' dokumentala ikusteko aukera izango da ostegunean

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 11a, 11:59

Anoetako Mikelasagasti auditorioan eskainiko dute eta ikus-entzunezkoaren egile diren Xabier Unanua eta Aritz Ganboa bertan izango dira lana aurkezten

Arruazuko Aritz Ganboa artzainak 2019an bere buruari jarritako erronka baten berri ematen du Bideak dokumentalak. Baina, filma hori baino gehiago da egilearen hitzetan: «Landa eremua kudeatuz sortzen ditugun produktuak ezagutzera eman eta produktu horiek ekoiztuz sortzen ditugun inguruneak erakustea da ikus-entzunezko honen helburua, nekazaritzari eta abeltzaintzari balioa ematea, alegia». Dokumentala zuzendu duen Xabier Unanuarekin batera ariko da Ganboa, etzi, Anoetako Mikelasagasti auditorioan 18:30etik aurrera. Ikus-entzunezkoa ikusi eta solasaldian parte hartu nahi dutenek, aurrez jaso beharko dute gonbidapena Anoetako udal liburutegian.

Arruazun Idiazabal jatorri izendapena duen gazta egiten du Ganboak eta 2018an bururatu zitzaion erronka: mendian korri eginez, Pirinioak zeharkatuz, Erronkariko jatorrizko izendapena duen Izabako gazta batekin elkartuko zuen berak Arruazun egiten duena. Asmoa planteatu eta 2019ko udazkenean erronka gauzatu bitarteko bidean gertatutako guztia dokumental batean jaso dute. «Gisa honetako kirol erronka bat betetzeko dauzkagun baliabideak elkarlanean jarri nahi genituen eta teknikoki, profesionalki, nahiz materialki, dugun aberastasuna ezagutzera eman nahi genuen», esan du Ganboak.

Unanuak nabarmendu du lehen momentutik herritarren saretzeari esker gauzatu ahal izan zela proiektua: «Dokumentalaren atzean ez dago ekoiztetxe handirik. Crowdfunding kanpaina baten bitartez herritarrek euren ekarpena egin ahal izan zuten eta laguntza eman digute hainbat entitatek. Baina hori bezain garrantzitsua izan da, euren gogo eta denbora guri eskainita, beste modu batera ekarpena egin dutenen laguntza. Horiek gabe, ezinezkoa zatekeen dokumentala».

Kirol erronkarekin batera, bidean topatu dituzten istorioek hartzen duten garrantzia azpimarratu du Ganboak. «Artzaintza eta honi lotutako ondarea erakutsi nahi dugu dokumentalarekin. Argi eta garbi esaten dugu: ekidistantziarik gabe, landa eremuaren defentsan egindako lan bat da. Landa ingurunean dagoen ondare ekologiko, historiko, ekonomiko eta kulturala agerian utzi nahi dugu eta giza ondarean jarri nahi dugu azpimarra, jenderik gabe hori guztia ez baita posible».

KIROL ERRONKA

Ordu eta erdi inguruko dokumentala da Bideak eta Unanuak azpimarratu duenez, erronkaren aurretik eta atzetik egindako grabazioak bildu nahi izan dituzte ikus-entzunezkoan. Erronka 2019ko udazkenean gauzatu ondoren, iazko urtea baliatu zuten edizio lanak egiteko eta abenduan estreinatu zuten. Ordutik herriz herri ari dira dokumentala aurkezten eta okasio gehienetan egileek emanaldietan parte hartzen dute. «Orain arte lanak oso harrera ona izan du eta uztailera bitarteko ia asteburu guztietan izango ditugu saioak herri ezberdinetan».

Pirinioak zeharkatuz ehun milia, 170 kilometro inguru, egin zituen Ganboak 2019ko urriaren 26 eta 27 artean Arruazu eta Izaba artean. «Ohituta nengoen mendi lasterketetara baina hainbesteko distantzia sekula egin gabea nintzen eta ez nekien nire gorputzak nola erantzungo zuen». Aurreko prestakuntzetan Iker Karrera amezketarra izan zuen alboan Arruazuko artzainak eta erronkan ere bidelagun izan zuen: «Bere laguntza, ikuspegia eta ezagutza ezinbestekoak izan zaizkit erronkari aurre egiteko. Ultra trailetan mundu mailan erreferentea izateaz gainera, landa garapenarekin lotutako pertsona da eta eskainitako laguntza horri esker xamurragoa egin zitzaidan bidea».

Unanua eta Ganboaren esanetan Bideak dokumentalak aldarrikapen tresna bat izan nahi du eta erakusten duten herrietan eztabaida sustatu nahi dute herritarren artean. «Landa eremuaren eta hiriko bizimoduaren hurbilketa egitea da asmoa», esan dute egileek. Eztabaida hori gidatu, euren ikuspegia eman eta iritziak trukatzeko etzi Anoetan izango dira dokumentalaren egileak, 18:30etik aurrera Mikelasagasti auditorioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!