Gaikako bilketa hamar puntu igo da errefusa berriro atez ate biltzen hasi direnetik

Ataria 2021eko maiatzaren 5a

Anoetako Udalak jakinarazi du zabor poltsa lurrean uzten dutenei isunak jarriko dizkiela hemendik aurrera.

Anoetan hamar puntu igo da gaikako bilketa errefusa atez ate biltzera itzuli direnetik: otsailean hondakinen %62,41 bildu zen gaika edukiontzi sistemarekin; martxoan, berriz, %72,55era igo da gaikako bilketa, errefusa atez ate jasotzera bueltatu ondoren. Udalak adierazi duenez, kopuru horietan ez da sartzen konposta komunitarioetako hondakin organikoa; eta bide batez gogorarazi du, Anoetan biltzen den hondakin organikoaren karakterizazio maila "oso ona" dela, organikoarekin batera biltzen den hondakin desegokia %2 baino ez dela.

Bilketa datuek emaitza onak adierazten badituzte ere, Pello Estanga alkateak kezka eta haserrea adierazi ditu lurrean eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor poltsengatik: “Lurrean uzten dituzten poltsak errespetu falta bat dira bizilagunekiko, are gehiago, arriskutsuak dira osasunarentzat; hori gutxi ez eta, poltsa horiek biltzeak 10.000 euroko kostua du urtean”. Bide beretik, gehitu du jarrera horrekin "suminduta" daudela herritarrak ere.

Zabor poltsa lurrean uzten duen jendea kontzientziatzeko aurretik saiakerak egin izan dituzte, besteak beste, sentsibilizazio eta informazio kanpainak martxan jarrita, baita pedagogia ariketak eginda ere. Zenbait herritarri banaka azaldu diete zabor poltsak lurrean uzteak dakartzan ondorio kaltegarriak.

Egiten duten hori kaltegarria dela ulertzeko zabor poltsa lurrean uzten duten herritarrak kontzientziatzen saiatu dira, baina udalak aitortu duenez, ez dute jarrera hori gelditzea lortu. Hori dela eta, hemendik aurrera zabor poltsa lurrean uzten dutenei isunak jarriko dizkiela jakinarazi du udalak. Isun horiek 90,10 euro eta 45.000 euro artekoak izan daitezke, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalen eremuan hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzak jasotzen duenaren arabera. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!