Adinekoen errealitatea ezagutu eta haien beharrak hautemateko 168 dei egin ditu udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 29a, 15:00

Anoetako adinekoen laurdena bakarrik bizi da, eta hamarretik zortzik azaldu du "oso nekatuta" dagoela.

Joan den martxoan, dei bidezko arreta zerbitzua eman zien Anoeta Udalak herriko 75 urtetik gorako biztanleei. Dinamikaren helburua izan da, batetik, identifikatzea osasun krisiak zein eragin izan duen pertsona horiengan; eta, bestetik, lehen eskutik ezagutzea haietako bakoitzaren errealitatea. Deien bitartez, udaleko gizarte-zerbitzuen sailak adinekoen beharrak hauteman ditu, gerora, haien premietara egokituko den baliabide bat eskaini ahal izateko.

Pello Estanga alkateak gertutik jarraitu du prozesua eta azaldu duenez,  harrera "oso ona eta beroa” izan du dei  zerbitzuak herritarrengan. Dena den, kezka ere adierazi du lanketatik lortutako informazioarekin: “Emaitza oso esanguratsuak dira eta herriko 75 urtetik gorako adineko jendearen errealitatearen isla dira”.

Deia jaso duen hiru laurdenak ez zuen udal gizarte-zerbitzuen berri, nahiz eta joan den urtean birritan bidali gutun bat horien berri emanez. Errealitate horren aurrean, udala lanean ari da gizarte zerbitzuak herrira zabaldu ahal izateko eta herritarren ongizatea bermatzeko ate bat gehiago eskaintzeko. Bide beretik, lanketari jarraipena emateko, deien dinamika errepikatzeko asmoa du udaleko gizarte zerbitzuen sailak.

Lanketaren nondik norakoak

Telefono deietan hainbat motatako galderak egin dituzte herritarren premiak hautemateko, eta, oro har, lau arlotako datuak bildu dituzte: arlo biologikoa (osasun egoerari buruzkoa), arlo ekonomikoa (egoera ekonomikoari buruzkoa), arlo soziala (harreman sozialei eta inguruko sareari buruzkoa), eta arlo psikologikoa.

Guztira, 168 herritarrek jaso dute dei bidezko arreta zerbitzua. Horietatik %60,11 emakumeak dira, eta %39,89 gizonak. Deiak jaso dituzten %4,1 zahar egoitza batean bizi da, %24,40 etxean bakarrik, eta %71 bikote edo senideren batekin.

Arlo biologikoari dagokionez, hamarretik seik adierazi dute bizitza aktiboa mantentzen saiatzen direla; kontrara, mugikortasun arazoak ditu %12ak. Osasun egoerarekin jarraituz, %9ak gaixotasun orokorrak ditu, eta %13ak, berriz, gaixotasun psikikoak. Ekonomiaren alorrean, etxebizitza haien beharretara egokituta du %60ak, kasurako, igogailua eta komuna. Hamarretik hiru ez daude konforme eta aldaketak eskatu dituzte; eta hamarretik batek etxebizitza ez du egokituta, baina ez du aldaketarik nahi.

Bizitza sozialaren inguruan, pandemiaren aurretik %95ak bizitza sozial oparoagoa zuen. Bide beretik, guztiek azaldu dute pandemia hasi zenetik noizbait isolamendua jasan dutela; eta deia jaso dutenen hiru laurdenak esan du senideen premia handia sentitzen duela. Guztiek onartu dute, baita ere, buruhauste gehiago dituztela osasun krisia hasi zenetik; eta hamarretik zortzik adierazi du oso nekatuta dagoela. Egoerarekin errudun sentitzen da galdekatuen erdia; hots, gaixotasunaren aurrean zaurgarrienak direla-eta, uko egin diote senideekin eta lagunekin elkartzeari. Horrez gain, hamarretik hiruk depresio agerraldiren bat izan du eta %65ak dolua pairatu du. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!