Zortzi-hamar bat urte izango dira, Iruran, Loatzo eta Uzturrera bidean, mendi-bizikleta zaleentzako muturreko jaitsiera horietako bat inauguratu zutela. Bedeinkapen guztiekin inauguratu ere, udalaren eta lur jabeen baimenarekin, eta bidean egin beharreko lanak basoan bertako materialekin egina. Zer esango dizuet bat? Hastapenetik iruditu zitzaidan astakeria galanta, zentzu bakoa, bide bat gehiago egin edo zegoena zabaltzea, zer eta batzuen libertimendu hutserako, non eta bide zabal, malkartsu eta bizikletan kilometroak eta kilometroak egiteko inolako eragozpenik ez dagoen leku batean. Adiskide batek lasaitu ninduen esanez hobe zela hori, eta ez kontrolik gabeko hamaika bide berri irekitzea. Nioena, zortzi-hamar urte badira, eta gero eta bizikleta-zale ausart gehiago ibiltzen da bertan (zerikusia izango du gero eta motordun bizikleta gehiago egoteak ere), eta mendi-bizikleta ibilbide ofizialetan ere ageri da, beltzez marraztua, zirrararik handiena eragiten duen horietako bat dela seinalatuz.
Eta balentriak berak baino balio handiagoa daukanez balentria hori erakutsi ahal izateak, sare sozialetan argitaratzen dituzte une gogoangarri horiek, Wikiloc, Strava, Youtube… BTT extreme, DH Downhill edota enduro hitzez hornituta.
Baina hori, zortzi edo hamar bat urte badira inauguratu zutela, eta askorentzat jada ez da nobedadea, jada ez da hain zirraragarria. Ondorioz, bide berriak ireki dituzte inguruetan. Iruratik Loatzoraino doan pistatatik bertatik ikusten dira ezker-eskuin eta nonahi, basoei egindako zauri berriak. Inaugurazio ekitaldirik gabe, ziur aski jabeen eta udalaren baimenik gabe. Basoetan barneratuta, berriz, ageriago dira kalteak, bereziki pagadi eta amerikar hariztietan. Berdin gertatzen hasi da Anoetan, eta berdin eskualdeko beste hainbat herritan ere. Aralarko pista ez da zauri bakarra.
Berriki argitaratu den zientzia ikerketa batean frogatu dute naturaren balioen eta euskararen artean lotura bat dagoela, eta hori bi noranzkotan gauzatzen dela: euskara garrantzitsua da naturaz gozatzeko, eta natura garrantzitsua da euskal nortasunarentzako. Horregatik izango da biak ala biak izorratuta daudela.
Aresti, berriro:
Etorri zinen haranetik
estrata luze batetik:
Orain zu zara itzuliko gauza guztiak utzirik,
lehengo estrata
itzali da-ta,
bide-zihor horretatik.
Gaur ere, adiskide gehiago egin ditudalakoan nago.