Gaztetxea eraberrituta ospatuko dute 22. urtemuga

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 20a, 07:59

Anoetako Gazte Asanbladak hilabete osoko egitaraua antolatu du eta gaztetxean atondu dituzten espazio berriak erakutsi ditu

Gaztetxeak 22 urte bete ditu eta urtemuga ospatzeko egitaraua osatu du Anoetako Gazte Asanbladak, Pareta bota eta asmo berriak ate joka lelopean. Larunbatean egin zuten lehenengo ekitaldia eta azken hilabeteetan gaztetxean egin dituzten lanak aurkeztu zizkieten herritarrei.

Eraikinaren barruko espazioak egokitu dituzte eta prozesu «luze eta emankor» baten emaitza da gaztetxe eraberritua. «Hutsune eta gabezia batzuei erantzutera dator obra. Espazioa egokitu dugu ahalik eta proiektu koherenteenak sortzeko eta gazteok geure beharrak autogestioaren bitartez asetzeko», aipatu dute Anoetako Gazte Asanbladako kideek.

Lanak gauzatu ahal izateko Anoetako Udalaren laguntza jaso du asanbladak. Pello Estanga alkatearen esanetan, «herrian inplikazio handia du gaztetxeak, eta herriko gazteentzat ere espazio erreferentea da. Sormena lantzeko baliabideak ematen ditu eta garrantzitsua da horretan ere inbertsioak egitea». Udalak 36.000 euro baliatu ditu lanak egiteko.

ESPAZIO BERRIAK GAZTETXEAN

Azken urteetan gaztetxean ibiltzen direnen profila aldatu egin da eta Anoetako Gazte Asanbladako kideek behar berriak sumatu dituzte. «Iaz konturatu ginen, adibidez, gela handi bakar bat izateak mugatu egiten gintuela. Hitzaldi bat eta kontzertu bat egun berean antolatu nahi bagenituen, ekitaldi bat amaitu behar izaten genuen, segituan bestea muntatzen hasi ahal izateko».

Gaztetxearen aldamenean zeuden entsegu lokalak Edurka pabiloiaren lehen solairura aldatu dituzte eta han komun berri bat egokitu dute. Lehen entsegu lokalak zeuden tokian berriz hiru espazio berri atondu dituzte: liburutegia, sukaldea eta musika estudioa. «Gune horiek ez daude erabat amaituta, baina egindako lana erakutsi nahi genion herriari, urtemuga aitzakiatzat hartuta. Hemendik aurrera, espazio horiei zein erabilera eman erabakitzen joango gara, prozesua ez da hemen amaitzen». Maiatzaren 5ean, 7an eta 8an, hurrenez hurren, liburutegia, estudioa eta sukaldeko proiektuen aurkezpenak egingo dituzte. Gune horiei guztiei gehitu behar zaie gaztetxeko kideek kudeatzen duten baratzea iaztik martxan dutena.

Udalak finantzatu ditu gaztetxean egin diren lanak eta gazte asanbladako kideak izan dira, auzolanean, espazioak atontzeaz arduratu direnak. «Oso gaztetxe ederra geratu zaigu eta herritarrei erakutsi nahi izan diegu egindako lana, azken batean, haien eskura ere egongo direlako azpiegitura horiek». Gaztetxe berria aurkezteko baliatu dute urtemuga eta hilabete osoko egitarau oparoa antolatzeko.

ANOETAKO GAZTETXEAREN XXII. URTEMUGA

Apirilak 24, larunbata

18:00. Nhil band eta Belak taldeek kontzertua eskainiko dute gaztetxean.

Apirilak 29, osteguna

18:00. Ahoztar Zelaieta kazetari eta ikerlariak Narco Oasis Vasco liburuaren aurkezpena egingo du gaztetxean.

Maiatzak 1, larunbata

Egun osoan. Anoetako Gazte Asanbladako kideek Langileen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.

Maiatzak 2, igandea

18:00. Ilunabarrean esan film laburraren aurkezpena eta proiekzioa izango da gaztetxean.

Maiatzak 5, asteazkena

18:30. Liburutegiko proiektuaren inguruko asanblada irekia izango da.

Maiatzak 7, ostirala

18:30. Estudioaren proiektuaren aurkezpena egingo dute gaztetxean.

Maiatzak 8, larunbata

16:30. Gaztetxean egin den sukaldearen proiektua aurkeztuko dute jendaurrean.

Maiatzak 9, igandea

11:00. Zirku tailerra egingo dute gaztetxean.

Maiatzak 13, osteguna

18:00. Hitzaldia eskainiko du Askapenak: Internazionalistak garelako lehen urratsa Euskal Herria izenburupean.

Maiatzak 14, ostirala

18:00. Serge izen artistikoarekin, Eraso! eta Osso taldeetan ibilitako Sergio Ruiz Gonzalez Txabarri musikariak emanaldia eskainiko du gaztetxean.

Erlazionatuak

XXII. urtemugaren aurkezpen bideoa

Tolosaldeko Ataria 2021 api 19 Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!