450 kilo zabor bildu dituzte erreka inguruetatik

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 16a, 07:58

Anoetako erreken eta ibaien garbiketa egiten aritu da Urzain Taldea aste honetan. Aurrerantzean hilean behin astebetez egingo dituzte garbiketa lanak.

Anoetako Udaletik azaldu dutenez, hiru egunetan 450 kilo zabor bildu dituzte erreka inguruetatik. Hain justu, Urzain Taldea aritu da garbiketa lanak egiten, eta jakinarazi dutenez, aurrerantzean, hilean behin egingo dituzte astebetez lan horiek. Izan ere, Udalak eta Urzain Taldeak urtebeterako akordioa sinatu dute.

Bildutako zabor kopuruaren inguruan kezka adierazi du Pello Estanga alkateak, eta gehitu duenez, inguruak garbitzeko herriaren eskumenean dagoen guztia ari dira egiten: "Herri inguruak garbitzeko baliabideak jartzen ari gara, guri dagokigun eremuan egingo dugu esku-hartzea. Landa-lana bezain garrantzitsua da, ordea, herritarrak sentsibilizatuta egotea. Lekuz kanpo zenbat eta zabor gutxiago bota, orduan eta gutxiago garbitu beharko dugu gero".

Astelehenean Tolosako mugatik behera aritu ziren garbitzen, eta 224 kilo jaso zituzten. Horien artean nabarmentzekoak ia 100 kilo eraikin-hondakin, 52 kilo arropa eta 12 kilo plastiko-hondakin jaso zituztela. Asteartean, berriz, 221 kilo zabor bildu zituzten Aranerreka inguruan (Anoetako Garbigunea zegoen tokitik gertu). Horietatik 140 kilo ibilgailuen gurpilak izan ziren; nabarmentzekoak, baita ere, 32 kilo errefusa eta 23 kilo beira, besteak beste. Asteazkenean, ostera, hilerri- eta Arizluzeko iturri-inguruak garbitu zituzten. Bi eremuetan, guztira, 212 edari-lata eta hamahiru botila jaso zituzten. ​

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!