Hitzaldi zikloa antolatu du Ernaik Anoetan

Ataria 2021eko apirilaren 8a

Apirilaren 14an, apirilaren 22an eta maiatzaren 6an izango dira saioak Anoetako eragileen lokalean.

Ernaik hitzaldi zikloa antolatu du Anoetan, Ez gaude inoren zain lelopean.

Ernaik adierazi duenez, burujabetza materialaren ezintasuna geratu da agerian azken hilabete hauetan eta sistema kapitalista "ase-ezin" honen hutsuneak azalerazi dira: "Herri bezala erabakitzeko ezintasuna, Madril edo Parisetik diseinatutako politikak eta 155ak, barne mugak itxita. Herri are zatituagoa bihurtu gara…"

Impasse egoeran honetan burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren beharra inoiz baino agerikoagoa dela uste du gazte antolakundeak, "sozialismoa eta feminismoa gauzagarri egingo dituen independentzia nahi dugu, zapalkuntzarik gabeko gizartea ahalbidetuko duen Euskal Errepublika helburu". 

Testuinguru horretan, Ernaiko kideek burujabetzaz hausnartzeko hitzaldi zikloa antolatu dute datozen asteetarako. Burujabetza prozesuaren korapiloez hitz egiteko aukera izango dute apirilaren 14an, 18:30ean, Andoni Olariagarekin. Apirilaren 22an, berriz, Andoni Mikelarenak eguneroko burujabetza praktikez hitz egingo du ekonomia sozial eraldatzailea ardatz hartuta, eta azkenik, Euskal Herri euskalduna lortze bidean burujabetzak duen papera aztertuko dute Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz taldeko kidearekin. Hitzaldi guztiak eragileen lokalean izango dira, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.

"Eraldaketa soziala eta burujabetza ditugu aterabide, antolakuntza eta borroka dira gazteon lanabes, eta gu ez gaude inoren zain", esan dute Ernaiko kideek.

Apirilak 14, asteazkena

18:30. Iratzar fundazioko Andoni Olariagak eskainiko du Burujabetzaren egungo korapiloak izeneko hitzaldia.

Apirilak 22, osteguna

18:30. Ekonomia sozial eraldatzailea: egunerokotik burujabetzak eraikitzen hitzaldia eskainiko du Andoni Mikelarena Olatu Koop-eko kideak.

Maiatzak 6, osteguna

18:30. Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz-eko arduradunak Burujabetza Euskal Herri euskaldunerantz hitzaldia eskainiko du

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!