Anoetako herri-bideen inbentarioa egiten hasiko dira

Ataria 2021eko martxoaren 29a

Lau hilabete inguru iraungo ditu azterketak eta Conchi Uriarte nekazaritza-ingeniaria arituko da bideen inguruko informazioa jasotzen.

Anoetako herri-bideen inbentarioa egiten hasiko dira, eta, besteak beste, honakoak izango dira helburuak: Anoetako inguruaren ondarea biltzea, bide bakoitzari lege-izaera propioa aitortzea eta haien erabilera arautzea.

Lanak lau hilabete inguru iraungo du, eta Conchi Uriarte nekazaritza-ingeniaria arituko da bideen inguruko informazioa jasotzen. Horretarako, litekeena da hainbat herritarrekin harremanetan jartzea: batetik, bideei dagokien informazioa ahoz jasotzeko; eta, bestetik, herritarren jabetza diren lurretatik biderik pasatzen bada, horien eskritura aztertzeko.

Pello Estanga Anoetako alkateak adierazi duenez, beharrezkoa da herrian dauden bideak dokumentatzea, eta haien izaera legez aitortzea: “Lan horrek aukera emango digu landa bideen erabileraren inguruko zalantzak argitzeko, eta, ondoren, hartu beharreko neurriak adosteko: nola eta zertarako erabili, zein ibilgailu mota pasa daitezkeen eta abar”. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!