Eraso matxisten aurkako behatokia sortu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 23a, 14:07

Herriko udala eta eragileak 2018an hasi ziren emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko protokoloa lantzen; koordinaziorako erreminta sortu dute.

Adi eta so! Eraso matxisten aurkako behatokia sortu dute Anoetan. Udalak eta eragileek osatu dute, elkarlanean, eta emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko koordinazioa du helburu. «Indarkeria sexistari aurre egiteko prozesuan kontuan hartu beharreko gakoak aztertu ditugu, hainbat esparrutan (juridikoa, poliziala eta osasunari, hezkuntzari edota udaleko gizarte zerbitzuei lotutakoa) gaia nola bideratzen den ezagutu dugu, tokiko baliabideen gida prestatu dugu, erantzun publikoa nola artikulatu zehaztu dugu, eta koordinazio eta jarraipenerako egitura bat sartu dugu», azaldu dute Amaia Urkola Arozena Matraka talde feministako eta Josune Eizmendi Manterola Guretzako emakume taldeko kideek. 

Lanketa luzea
2018an hasi ziren protokoloa lantzen jai batzordearekin «indarkeriaren sustraiez hausnartzeko, prebentzio neurriak aztertzeko eta herriko festetan erasoren bat gertatuz gero, nola jokatu eta erantzun publikoa nola bideratu zehazteko». Horiek eginda 2019ko irailean hasi ziren udal protokolo orokorra diseinatzen, indarkeria sexistari aurre egiten dioten emakumeei «arreta egoki bat emateko». 

Horretarako erakundeen arteko arloa jorratu zutela azaldu dute, hau da, Anoetako Udala, Ertzaintza eta Anoeta zein Tolosako osasun zentroak jarri ziren harremanetan, eta baita herriko emakume taldeak, Anoetako ikastolako zuzendaria eta udaleko hainbat zinegotzi eta teknikari ere. «Tamalez erakundeen arteko arlo hori hankamotz gelditu da COVID-19a dela eta. Baina arlo soziala behintzat bai garatu dugula, kanpoko aholkularitzaren gidaritzapean». Pandemiak aukera ematen duenean horrenbeste landu ezin izan duten arloa berriz ere jorratzea da asmoa.
Guzti horiek kontuan hartuta osatu dute udal protokoloa Anoetan eta Adi eta So! behatokia izango du erdigunean; «hemendik aurrera gai honekin lotutako gaiak behatoki horretatik bideratuko ditugu, Anoetako Udaleko Parekidetasun sailak koordinatuta». 

Protokoloa martxoaren 15ean onartu zuen udalbatzak eta atzoko aurkezpenarekin hori herriratzea izan da asmoa. Bide horretan datozen egunetan eskuorri bat banatuko dute etxez etxe eta bideo edo animazio labur bat egin nahi dute ere, sare sozialetan zabaltzeko.

«Gizarte parekideagoa»
Erasoen aurkako behatoki eta protokolo honekin gizarte parekideago bat osatu nahi dutela esan dute, izan ere «denok eman behar ditugu urratsak indarkeriei aurre egiteko». 

Indarkeria sexistari eta matxistari buruz ari dira. Izan ere, «indarkeria sexista aipatzen dugunean emakumeek emakume izatearren jasotzen duten indarkeriak ari gara, eredu maskulino eta femeninoaren arteko desoreka eta hierarkizazioa agerian uzten duena». Baina indarkeria matxista badagoela nabarmendu dute ere, «indarkeria hori sexu-genero-sexualitate sistemaren logikatik kanpo kokatzen den pertsona orok jasotzen duen indarkeria da». 
Horiek horrela, emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egitearekin batera transfobia, lesbofoia eta homofobiari aurre egiten diotela esan dute.

 

Prozedura, laburtuta

  • Bilera. Erasoa gertatu eta 24 orduen barruan Adi eta so! behatokiaren bilera.
  • Gaitzespena. Gaitzespen adierazpena eta deialdiak deituko dira, alkateak eta Adi eta So! taldeak sinatuta, hau da, Matraka talde feministak eta Guretzako emakume taldeek babestuta.
  • Harremanak. Emakunderekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarriko dira harremanetan.
  • Elkarretaratzea. Erasoa gertatu ondorengo egunean egingo da, 19:00etan. Pankarta orokorra erabiliko da Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean, nahiz eta pankarta gehiago egon daitezkeen.
  • Jarduerak bertan behera. Hurrengo egunean udalak herritarrentzat antolatutako jarduerak bertan behera utziko ditu: erasoa izan bada, elkarretaratzeak irauten duen bitartean eta hilketa edo hilketa saiakera baldin bada, egun osoan.
  • Aisialdia bertan behera. Hurrengo egunean udalak zuzenean kudeatu eta herritarrentzat eskaintzen dituen aisialdirako zerbitzuak itxiko ditu: erasoa izan bada, elkarretaratzeak irauten duen bitartean, eta hilketa edo hilketa saiakera izan bada, egun osoan.
  • Puntu lila. Udaletxeko balkoian jarriko da.
  • Ikurrak. Herrian zehar jarriko dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!