Arrazakeriaren eta xenofobiaren aukako ekimenak egingo dituzte Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 18a, 18:50

Anoetako EH Bilduk San Juan kalean horma irudi bat margotuko du igandean eta jatorri ezberdinetako anoetarrak deitu ditu bertara

Martxoaren 21a Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Eguna da. Horren harira, Anoetako EH Bilduk mural margoketa herrikoi bat egingo du, igandean 11:00etan, San Juan kaleko paretan eta ondoren talde argazkia aterako du. Jatorri ezberdinetako anoetarrak elkarrekin burutzeko ekimena izatea nahi du koalizio abertzaleak, «elkar ezagutzeko eta elkarrekin ekintza bat konpartitzeko aitzakia».

Kultura aniztasuna oinarri izango duen elkarbizitzarako bide bat aldarrikatu du Anoetako EH Bilduk. «Bide hori herrian bizi garen jatorri eta kultura anitzeko herritarron artean egin behar dugula sinetsita gaude, Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza ardatz hartuta gainerako hizkuntzekin eta kultur adierazleekin osatzen joango den herri izaera osatuz eta garatuz».

Bide batez, EH Bilduk Europan eta Espainian berpizkundea izaten ari den ultra eskuinaren kontra gogor ekiteko konpromisoa hartu du, «gure izaera eta ekinbide antifaxista eta antiarrazistan sakonduz». Horretarako herrian sortzen diren zurrumurruak deseraiki eta askotariko herritarren elkarlanean sakontzea proposatu du, herriko emakume migranteen ahalduntze eta inklusio bidean bidelagun izateko konpromisoa hartuz.

Igandean, 18:00etan, Mikelasagastia auditorioan eskainiko den Zuk dokumentala ikustera joateko deia ere luzatu diete herritarrei.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!