«Jada hemen dugu laguntza behar duen jendea»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 20a, 10:58
Unax Blanco, 'Zuk' dokumentalaren egilea. ATARIA

Arrazakeriaren Aurkako Egunaren harira, igandean Anoetako Mikelasagasti auditorioan Zuk dokumentala ikusteko aukera izango da, 18:00etan. Unax Blanco da egileetako bat Asier Garciarekin batera. Dokumentalaren ostean, Itsas Laguntza Humanitarioa Elkarteko Iñigo Gutierrezekin solasaldia egingo dute, eta Blancok aurreratu duenez, prest daude eskualdeko beste edozein herritara ere joateko.

Jada urte batzuk pasa dira 'Zuk' dokumentala egin zenutela. Zer erakutsi nahi izan duzue dokumentalarekin?

2017an egindako dokumentala da, baina historia lehenago hasi zen. Asier eta ni 2015ean ETBko albistegietakoekin batera joan ginen Kios Irlara Grezia eta bertan ikusi genuen zerbait potoloa ari zela gertatzen migrazioaren mailan. Han egon eta gero esan genuen dokumental bat edo egin behar zela, eta Refugiados: camino a ninguna parte egin genuen. Bertan Siriatik irteten ziren errefuxiatuak nola ahalegintzen ziren Europara heltzen erakusten da, eta horri buruz zen. Hori proiektatzen hasi ginenean, jendea hunkitu egiten zen, eta sortzen zitzaien zirrara ikaragarria zen, eta hizketaldietan jendearen galdera izaten zer: 'Nik zer egin dezaket?'. 2015 edo 2016. urtean oraindik ez zeuden irudiak, eta jendea shockean geratzen zen. Galdera horri erantzuna topatzen hasi ginen gu ere, eta hortik hasi zen Zuk proiektua.

Eta zein da erantzuna, bada?


Euskal Herri mailan dauden gobernuz kanpoko erakundeek edo elkarteek egiten duten lana islatu nahi izan dugu. Ez bakarrik Itsas Laguntza Humanitarioa Elkartea joaten dela Libiako uretara, edo Zaporeak elkartea dagoela Greziako irletan, baizik eta guk laguntzeko ez dugula urrutira joan beharrik islatu nahi izan dugu.

Hemendik ere lagundu dezakegu?

Hemendik eta hemen bertan lagundu dezakegu. CEAR-Euskadi edo Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek egiten duten lana erakutsi nahi izan dugu. Hori islatu nahi izan dugu Zuk lanean. Garrantzitsua dela lekuan, hau da, Grezian laguntzea eta behar da GKE txikiek ere han lan egitea, baina hemen ere lan asko daukagu. Jada jende bat heldu da hona, eta behar dute gure eskuzabaltasuna edo gure laguntza. Lau istorio dira, eta lau elkarte edo GKE txikiren lanak uztartzen dira, eta hori da Zuk dokumentala.

Non kokatzen da, ordea?

Lau istorio dira. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak antolatuta Gernikan egin zen elkarretaratze bat. CEARen bidez teatro talde bat osatu zuten, eta Abdulen bizitza kontatzen da. Abdul Maliko mutil bat da, eta pateran heldu zen hona, eta nolakoa izan den bere bizitza heldu zenetik kontatzen da. Bilbon gertatzen da. Eta gero, bai joan garela Kios eta Lesboseko irletara, Zaporeak eta Itsas Laguntza Humanitarioa elkarteen lana islatzeko. Eta zirrara eragiten duen kontakizuna badugu, Itsas Laguntza Humanitarioak Libiako uretan egin zuen lehen erreskatearen irudiak ditugulako.

Boluntarioen lana behar-beharrezkoa dute errefuxiatuek?

2015ean hasi ginen gai honekin. Asier eta biok argi duguna da GKE txikien lana oso-oso garrantzitsua dela. Beste era bateko laguntza ematen diete migranteei. GKE handiak enpresa potoloak dira, eta diru asko mugitzen dute. Gobernuen erabakien menpe daude, eta Itsas Laguntza Humanitarioak, Zaporeak edo Ongi Etorri Errefuxiatuak bezalako elkarteek beste erabateko laguntza eskaintzen diete; askoz ere gertuagoko laguntza ematen diete migranteei. Ikusi egiten da, eta lekuetan beste era batera tratatzen dituzte migranteak, eta niretzat hori oso garrantzitsua da, hau da, boluntarioen bidez egindako gobernuz kanpoko erakundeen existentzia.

Nabarmentzekoa da Euskal Herrian sortu den elkartasun edota laguntza sare hori?


Nik uste dut errazago egiten zaigula kanpoko arazoei laguntzea, bertan daukagun egoerari laguntzea baino. Berriz esango dut: jada hemen dugu laguntza behar duen jendea, eta hori kosta egiten zaigu oraindik. Garrantzitsua da hori ere, baina errazago laguntzen dugu arropa bilketa bat Greziarako, eta ez bertan dugun kanpaina bat, esaterako, erroldatzeko bertan dauden migranteak. Ezin dituzte paperak eskuratu ez badaude erroldatuta, eta kanpaina horiek askoz ere gehiago kostatzen zaizkigu babestea, kanpoko elkartasun kanpainak baino. Hor egin behar dugu lana. Eta Asier eta ni orain garatzen ari garen proiektuak ildo horretatik doaz.

Hemengo errealitatea azaleratu nahi duzue?

Hemen ere gauza asko ditugula kontatzeko erakutsi nahi dugu. Egile moduan ez daukagu kanpora joan beharrik. Hemen ere badaude istorioak, eta hor egin behar dugu indarra. Hemen izan behar gara benetan solidarioak. Bietan da garrantzitsua, baina hemen gehiago kostatzen dela ikusten dugu. Orain gure proiektu berriak hortik jorratu nahi ditugu. Azkenean, kosta egiten da hemengo istorioak kontatzea, eta gizarte moduan gure gabeziak erakusten ditugu. Dena kostatzen da. Horretarako ere diru laguntzak lortzea kosta egiten da. Diru laguntzak ere errazago lortzen dira honelako proiektuak kanpoan egiten badituzu; izan ere, horrela ez dira hemengo miseriak erakusten. Horrela da, baina hori da gure ahalegina.

Egoerak okerrera egin duela esango zenuke?

Bai. 2015ean gertatu zenean, hasieran, Europa oso solidario portatu zen, batez ere, Siriatik zetozen errefuxiatuak hartzen. Baina bat-batean izugarrizko arrazakeria hasi zen, inbasio bat zela eta... Europan mugak itxi ziren. Mugak itxi zituztenetik, kartzela bilakatu dira Greziako irlak, Kanariar irlak... Beraz, nik uste dut egoera okertu dela. Eta gainera gelditu ezin den migrazio bat da, eta ez da geldituko. Beraiek etorri egin nahi dute, eta etorriko dira mugak itxita ere. Beti egongo da bideren bat gero eta zailagoa dena eta gero eta hildako gehiago sortuko dituena, baina ahaleginduko dira. Beraientzat batez ere, egoera gero eta gogorragoa izango da. Gero eta hildako gehiago egongo dira bidean, eta hori horrela da.

Gobernuek zerbait egiten dute egoera arintzeko?

Ezin dizut hori erantzun, baina nik esango nuke joera gero eta zailtasun gehiago ipintzea dela. Gaur egun, hemen bost urte daramatzan pertsona batek, ez da okertu bere bidetik, ikastaro mordo bat egin du, saiatu da gaztelania ikasten eta baita euskara ere, eta gai dira egun batetik bestera bere herrialdera itzuli behar duela esateko. Hori da Abduli gertatutakoa.

Lana, ikasketak eta ezin da bidetik atera. Berak esaten zidan, 'ezin naiz mozkortu, ezin dut ligatu,... beldurrez nago eta'. Bost urte hemen igaro eta gero, Malira bueltatu behar zuela esan zioten. Malin ez zegoela gerrarik eta ukatu egin zioten baimena. Hori da Abdulen historia, eta Abdul da milaka pertsonen arteko istorio bat. Gero eta zailago daukate, eta gero eta traba gehiago ipintzen dizkiete. Frontex bezalako polizia bat sortu dute Europako mugak zaintzeko, eta gero eta zailagoa dute.

Errefuxiatuak gure artean daudela ahaztu du gizarteak?

Ez dakit. Eibartarra naiz, eta nik egunerokotasunean ikusten dut badagoela ikusezintasun puntu bat. Gero eta migrazio gehiago dago, eta uste dut batzuk ez dutela konturatu nahi horretaz. Ez dute ikusi nahi egoera aldatu dela, eta gainera gero eta gehiago aldatuko dela. Orduan, ez badugu ahalegin bat egiten denon artean hori normalizatzeko eta gizarte multikultural bat sortzeko, talka potoloak egongo dira eta arrazismo egoerak gero eta gehiago egongo dira. Gizartean guztiok dugu lana, auto-lan bat egiten.

Grabaketa lanetan izan da harritu zintuen zerbait?

Erdian, Unax Blanco eta kamerarekin, Asier Garcia. ATARIA

Lehen dokumentala egitean esango nuke izan genuela lehen talka errealitatearekin. Bi euskaldun, ETBko bi langile ginen eta hara joatean izan zen talka. Oso gauza gogorrak ikusi ditugu, eta egoera aldatzen joan da. Hasieran iritsi, eta Europara zihoazen. Bigarren edo hirugarren bidaietan kartzela bihurtu dira. Errefuxiatuen guneak bailaz beteta, eta umeak han barruan ikustea eskuak ateratzen eta jatekoa eskatzen... hori guztia oso gogorra da. Talka izan zen jendea ikustea iristen, iristen eta iristen... eta esango nuke hor eman genuela aldaketa Asierrek eta biok. Horrelako zerbait bertan ikusita guztiok aldatuko ginatekeela iruditzen zait. Ziur pertsona bezala aldatu egin gintuela.


Dokumentala ikusi ostean zein da jendearen erreakzioa?

Gerturatzen den jendea jada nahikoa kontzientziatua dago. Jendea harrituta geratzen da, edo zeinen gogorra den egoera adierazten dizute. Askok guri eskerrik asko esaten digute, eta hori ez zaigu gustatzen. Horregatik, beti, nahiago izaten dugu solasaldirako elkarteetako jendea joatea euren proiektuak azaltzera. Ez dugu egin guri eskerrak emateko. Guk benetan zer gertatzen ari den eta elkarteek zein lan egiten duten ikustea nahi dugu. Itsas Laguntza Humanitario elkartearen lehen salbamendua ikusten da, eta horrek jendea harrapatu egiten du eta benetan sartzen dira dokumentalean. Bi patera erreskatatzen dituzte eta jendea hunkituta geratzen da. Itsas Laguntza Humanitarioak egiten duen lana ikusgarria da, baina azkenean pozik nago beste elkarteek egiten duten lanaren mezua jendearengana iristen delako. Eta, esaterako, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, batez ere, Bizkaian egiten duen lana brutala da.


Anoetan Itsas Laguntza Humanitarioa Elkarteko Iñigo Gutierrez izango da dokumentalaren osteko solasaldian, dokumentalaren osagarri dira honelako hizketaldiak?

Niretzako hori da potenteena. Dokumentala ikusi eta gero beraiek kontatzea beraien proiektuak zeintzuk diren. Bizkaiko emanaldi askotara Abdul joan da, eta zoragarria da jendeak protagonistetako bat ikustea, eta bertan dagoela sentitzea. Gutierrez egongo da Anoetan, eta erreskate pila batean parte hartu du eta anekdota eta istorio pila bat izango ditu kontatzeko; diskurtso oso ona du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!