M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

'Emakumeen sormena' erakusketa zabaldu dute liburutegian

Ataria 2021eko martxoaren 10a

Mostra honetan xilografia ikastaroko partaideen lanak eta Guretzako emakume taldearen joskintza lanak ikusi ahal izango dira.

'Emakumeen sormena' erakusketa zabaldu dute Anoetako udal liburutegian. Xilografia eta joskintza lanak bildu dituzte bertan. Martxoaren 18ra arte egongo da ikusgai erakusketa hau.
 
Bide batez, Anoetako udal liburutegian mahai batean erakutsi dituzte emakume sortzaileen zenbait lan. Martxoaren 8aren inguruan gauzatu dute ekimena, emakume idazleen lanak ikusarazteko.
 
Udal ordezkarien adierazpena
 

Anoetako Udalak ohar batean COVID-19ak eragindako pandemiari egin dio erreferentzia, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan: "Krisi multidimentsional eta sistemiko bat bizi dugu, aurrekaririk gabekoa, lehendik zetozen beste krisi batzuekin gurutzatzen eta lotzen den krisia, hala nola, krisi ekologikoarekin eta zaintza-krisiekin".

Feminismotik aspaldi aldarrikatzen ari zena agerian utzi duela uste dute Anoetako udal ordezkariek eta esan dute ezerk ez duela bizitzaren zaintza baina garrantzitsuagoa izan behar. "Pandemiarekin zaintza muturreraino ahuldu eta prekarizatu den honetan, bizitzari baldintza duin eta justuetan eustearen aldeko apustu erradikala egiteko unea da". Horregatik, eta emakumeen eskubideetan atzerapenik gertatu ez dadin, inoiz baino premiazkoagoa ikusten dute genero ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala txertatzen duten neurri feministak hartzea.

"Irtenbidea ez da pandemiaren aurreko egoerara itzultzea, emakume gehienek lehenago ere bizi baitzuten diskriminazioa eta eskubideen urraketa: orain da unea pandemian areagotutako larrialdiei erantzuna emateko, eta, aldi berean, guztiontzako bizitza duina bermatzea eta zaintzea lehentasuntzat joko duen antolaketa sozial, ekologiko eta ekonomikoko sistema bateranzko oinarri sendoak ezartzeko", esan dute.

Uste berekoa da Pello Estanga alkatea ere: “Egun honek balio behar du udal honek politika publiko-komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko, krisiaren ondorioen larritasunaz ohartzeko eta erdigunean bizitza zainduko duen gizarte-eredu baterantz joateko”.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!