Anoetako  Herri Ikastolako estalkia  berritu dute

Ataria 2021eko martxoaren 10a

Ikastolako zuzendariak udalak egindako inbertsioa eskertu du eta lanak beharrezkoak zirela nabarmendu du.

Aste honetan amaitu dituzte Anoetako Herri Ikastolako estalkia berritzeko lanak. Udalak 158.059 euroko inbertsioa egin duela esan du eta gogoratu du denbora daramala ikastolaren proiektuaren parte izaten; «horren erakusle da 2018an 380.000euro jarri zituela ikastolaren handitzea eta berritzea egiteko obran».
Itziar Lazkano ikastolako zuzendariak azaldu du eraikina zaharra zegoela eta beharrezkoak zirela berritze lanak. Aipatu du, baita ere, helburua dela «espazioa egokitzea» erabiltzen duten pedagogiara; eta ez pedagogia moldatzea espazioaren arabera.

Berritze prozesu horretan, 2019-2020 urteetan ikastolako sarreran estalpe bat jarri behar izan zuten eta udalak osorik finantzatu zituen lan horiek 116.849 euro jarrita. Azken obra, berriz, estalkia berritzea izan da eta aste honetan amaitu dute. Azken hiru urteetan, guztira, 654.908euroko inbertsioa egin du udalak ikastolaren proiektuan. Horren inguruan hitz egin du Pello Estanga alkateak: «Konfiantzaren pedagogian sinesten dugu, eta ulertzen dugu beharrezkoa dela denon artean hori babestea eta aurrera eramatea. Azkenean, ikastolan inbertitzea herrian inbertitzea da». 

Ikastolako zuzendariak, berriz, eskerrak eman dizkio udalari: «Asko eskertzen dugu egindako inbertsioa. Udalak konpromiso handia erakutsi du proiektuarekiko eta babes handia jaso du herriaren partetik ere». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!