M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2021

Aldarriz bete dute plaza

Ataria 2021eko martxoaren 6a

Dozena bat herritar bildu dira, arratsaldean, Anoetako plazan, astelehenean kalera aterako dituzten oihalak mezuz betetzeko. 

Astelehenean ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta besteak beste, gaur goizean Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzaren amaiera ekitaldian egindakoa irudikatuko dute. Irun eta Hendaia arteko mugan egin bezala, elkarretaratzea egingo dute Anoeta eta Irura elkartzen dituen zubian.

Anoetarrek, gainera, era guztietako aldarriz betetako oihalak eramango dituzte elkarretaratzera. Arratsaldean aritu dira mezu horiek idazten. Besteak beste, "dena aldatu, sistema arrakalatu", "atzerritartasun legeari sua!" edota "zubien gainetik, mugarik ez" mezuak irakur zitezkeen. Horrez gain, herriko plaza irudi ezberdinekin apaintzeko aprobetxatu dute. 

Bihar gainera, eta eskualdeko mugimendu feministek iaz abiatutako ekimenari jarraituz, ekitaldi sinbolikoa egingo dute Laumugarrieta gainan, Anoeta, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkil herriek muga egiten duten tokian. Anoetarrek hartu zuten koadernoa, eta asmoa, urtero herri bateko asanbladak beste bati ematea zenez, bihar egingo dute lekuko aldaketa hori; Amasa-Villabonako herritarrek hartuko dute koadernoa.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!