Elkartasuna eta laguntza, "indar polizialaren aurrean"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ots. 27a, 11:59

Anoetako Gazte Asanbladak azken asteetan "presentzia poliziala" ugaritu egin dela salatu du, eta horren aurrean, asanbladako kideek "elkartasuna antolatzea besterik ez zaigu gelditzen", esan dute. Laguntza eskaintzea erabaki dute. 

'Indar polizialak kanpora' lelopean agerraldia egin du Anoetako Gazte Asanbladak, eta elkartasuna antolatu eta laguntza eskaintzea dute helburu.

Pandemiaren egoera nabaritzen hasia dela adierazi dute: "Pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, atzeraldi ekonomiko larria jasaten ari gara, eta jendartean etsipena eta ezinegona zabaltzen ari dira".  Gazte asanbladako kideen ustez, gainera, "azken egun eta asteetan, presentzia poliziala ugaritu eginda Euskal Herriko herri eta hiri askotan", eta "poliziak herritarren aurka hartutako jarrera bortitz ugari ikusi ditugu osasunari aurre egiteko neurriak betearazteko aitzakiapean".

Gazteen hitzetan, "neurri horien helburua ez da, ordea, herritarron osasuna zaintzea, neurri arbitrarioen bidez beldurra eta kontrol soziala zabaltzea baizik". Euskal Herri osoan "presentzia poliziala ugaritu" egin dela esatearekin batera, errepresio hori "herritarren sektore zaurgarrienera zuzenduta dagoela" ikusi dute: "Horien artean, baita gazteengana ere". Gazteen bizkar utzi nahi dutela "beraien inkonpetentzi, diru gose eta arduragabekeria guztia", salatu dute. Eta galderak luzatu dituzte: "Akaso lantokietan eta ikastetxeetan ez dira pertsonak kutsatzen? Soilik gazteak elkartzen diren guneetan? Tabernetan?".

Gobernuak "gabezia, hutsune eta inbertsio falta ezkutatu nahi ditu etengabe", esan dute, eta "arazoa ez baita gazteak euren lagunekin elkartzea trago batzuk hartzeko". "Arazoa ospitaleetan dauden gabeziak baitira, osasun langileak bizitzen ari diren lan karga eta baliabide falta, garraio publikoak leporaino beteta joatea, egoera kontrolatzeko neurri eraginkorrak ez hartzea...". Horrez gain, gobernuak, "kaleen militarizazioaren eta komunikabideek etengabe bidaltzen dituzten mezuei esker, beldurra hedatu du gizartean", azpimarratu dute, eta gaineratu "etsaitasuna eta mesfidantza areagotu ditu". 

Instituzioek "gazteen aurkako kriminalizazioa hauspotu dute etengabe", esan dute gazteek. "Gazteok egoeraren erantzule egin gaituzte, eta horrek herritarron arteko liskarrak eta gaizki ulertuak sortzera garamatza", salatu dute. Hau guztiagatik, "konplizitatea eskatu nahi dizuegu herritarroi, eta jazarpen polizial kasuren bat ikusiz gero, salatu eta grabatzea", eskatu dute. Era berean, "kriminalizazio hori lehen pertsonan bizi duten guztiei" babesa adierazi diete.

Anoetako Gazte Asanbladako kideek egoerak luze joko duela oraindik diote, eta "poliziak inpunitate osoz jardungo duelakoan" dira. Honenbestez, "elkartasuna antolatzea besterik ez zaigu geratzean", adierazi dute. "Egoera honen ondorioz isun edo jazarpena jasan duen orori laguntza eskaintzea erabaki dugu", diote. Hori dela eta, anoetakogazteasanblada@gmail.com helbide elektronikoa jarri duten eskura, egoeraren berri eman eta beraiek aholkularitza juridikoa eskainiko diote laguntza behar duenari.

"Ez gaitezen etsaiaz nahastu. Indarkeria polizialaren aurrean, herri erantzuna", aldarrikatuz amaitu dute.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!