Koronabirusa

Tabernek aurten ez dute zaborrari eta terrazei dagozkien tasak ordaindu beharko

Ataria 2021eko otsailaren 25a

Udalak eta ostalariek otsail hasieran egin zuten bilera eta bertan iritsi ziren tasen murrizketaren akordiora.

Anoetako Udalak esan du ez duela eskumenik hainbat alorretan, baina berak kudeatzen dituen zergei dagokienez, hainbat neurri hartu dituela ostalariek jasan duten kaltea ahalik eta gehien arintzeko: herriko tabernek aurten ez dute zaborrari eta terrazei dagozkien tasak ordaindu beharko.

Udalak eta ostalariek otsail hasieran egin zuten bilera eta bertan iritsi ziren tasen murrizketaren akordiora. Pello Estanga alkatearen iritziz, egoera hau gaindituko badugu, beharrezkoa da gertuko komunitatea indartzea: «Ostalaritza osasuntsu batek herria bizirik mantentzea dakar. COVID-19a mehatxu bat da guztion osasunarentzat, baina garrantzitsua da herri-bizitza zaintzea ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!