Hauxe da 'despedidea'

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2021eko otsailaren 28a

Sei urtez aritu da Maddi Sarasola bere iritzia eskaintzen 'Ataria' astekarian. NRA

2015. urtean hasi nintzen Atariako astekarian idazten. Sei urte pasa dira orduz geroztik, sei urte eta 29 artikulu. Hogeita bederatzigarren hau da agurrekoa. Agurrekoa eta eskerrak ematekoa.

Lehen eskerrak irakurleei, idatzitakoak irakurri dituzuela esandakoei, bereziki gustatu zaizuela esandakoei (behar izaten baitugu, noizbehinka, paparra puzteko aitzakiaren bat). Baina, batez ere, eskerrik asko Atariako irakurlea zeinen askotarikoa den konturatuarazteagatik. Aitortzen dizuet askok harrituta utzi nauzuela eta zuetaz oso harro sentitu naizela, badakidalako zuentzat ez dela hain erraza euskaraz irakurtzea, baina hutsik egin gabe hor zaudetela. Eta aniztasun horretaz jabetzen nintzenean, beti etortzen zitzaidan amaren ahotsa gogora, «Denak entenditzeko moduan idatzi ezan», esanez. Gehienetan saiatu naiz amari kasu egiten eta gauzak entenditzeko moduan idazten, baina ez beti, amak ere badaki alaba gusturago ibiltzen dela arrastoz kanpo, agindutako bidean baino.

Eskerrak ez zaizkit nahikoa eta besarkada bana Atariako lantaldeari: Naiara, Eneritz, Itzea, Jon eta Iñigo (eta gainerako guztiak, noski, baina ni hauekin aritu naiz bereziki). Komunitatearen parte sentiarazteagatik, idatzitako artikulu bakoitzaren atzeko lana eskertzeagatik eta beti berandu entregatuta ere errietarik ez egiteagatik! Krixtoren altxorra zarete eskualdearentzat, ze duintasunez egiten duzuen lan, ze erreferentzialtasuna lortu duzuen eta ze bozgorailua zareten! Izen-abizenez sinatutakoetan saiatu naiz nire barruko suei eta munduko suei hitzak jartzen. Ahalegindu naiz mundu hau, herri hau eta gutasun/nitasun hau aldatzeko sentitzen dudan behar hori plazaratzen. Baina, batez ere, krixtoren altxorra zaretela diot, herrigintzako edozein asmo, proiektu edo egitarau zabaltzeko garaian beti hor zaudetelako.

Eta hortxe egingo dut topo berriz ere [...] 'Ataria'ko komunitate osoarekin [...]. Ahizpatasunetik, gorputzen, lurraren eta herriaren burujabetza bidean, euskaratik herri hau koloreztatzen. Hortxe topatuko gara lokatzetan, beti lokatzetan.

Eta hortxe egingo dut topo berriz ere irakurleekin, kazetariekin, Atariako komunitate osoarekin: herrigintzan. Ahizpatasunetik, gorputzen, lurraren eta herrien burujabetza bidean, euskaratik herri hau koloreztatzen. Hortxe topatuko gara lokatzetan, beti lokatzetan. Eta nork daki, akaso, oraindik ere noizbait idatziko dut zertxobait izen-abizenez ere. Besarkada bana eta eutsi lurrari!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!