Sentitzen dut nitaz beste irudi bat egina zenuten guztiongatik (bospasei edo, gehienez ere), niganako enpatia -hain sentimendu humanoa- sentitu duzuen guztiongatik (bi edo hiru behintzat bai), niri buruz esan diren guztiak zurrumurru faltsu, interesatu eta jendearen bekaizkeria eramanezina besterik ez zirela irmoki defenditu duzuen guztiongatik (bat edo bi). Sentitzen dut, eta ez naiz kexatuko trenbideko harriak jaurtitzen badizkidazue; mereziak ditut harrikada bakoitza eta guztiak.
Nik gorritu dut herria, nik itxi ditut tabernak, nik kriminalizatu dut gazteria, nik salatu nituen balkoitik kaleko edanean zebiltzanak, ni harrapatu ninduten etxeratze deia haustegatik, nik mugitu ditut mugarriak… eta larriena, nik eraman nuen okindegiko azkeneko gallegoa.
Ez ziren sekretak herrian zebiltzan haiek; nik lapurtu nizkien uniformeak. Nik jarri nien txertoa ospitaleetako zuzendariei. Ni nintzen LABIko golf jokalariaren caddie-a. Nik ekarri nuen saguzarra Wuhandik. Nik zabaldu ditut zurrumurru guztiak.
Iraun nezakeen ukazioan, iraun nezakeen nire delituak besterentzen, orain arte, arrakastaz, aritu naizen moduan. Baina kalean txakurrak ere beste aldera begiratzen hasiak ziren nire albotik pasatzerakoan, eta hori jasangaitza egin zait. Ia urtebetez eraman dut zama hau gainean, eta elur bola gero eta handiagoa zen; banuen lurmenduko zuen itxaropena, baina ez naiz gai izan hauek denak niretzat gordetzeko. «Asko sentitzen dut, ez da gehiago gertatuko».
Kantu Gregorianoaren Herriko Adiskideen Elkarteak, gauerdian bilduta, kargugabetu egin nau eta, bertako kide bakarra neu izanda, armak entregatu ditu eta desegin egin da.
Nik gorritu dut herria, nik itxi ditut tabernak, nik kriminalizatu dut gazteria, [...] eta larriena, nik eraman nuen okindegiko azkeneko 'gallegoa'
Neronek erabaki erradikalago bat hartu dut, errora joan naiz, eta neu naizen hau neure izan den gorputzetik erauzi dut. Alegia, gaurtik aurrera, orrialde honetako argazkian ageri den itxura bereko pertsona bat ikusten baduzue kalean, ez naiz ni izango. Ez harritu ez bazaituzte ezagutzen. Denbora apur bat beharko du bere NIa aurkitzeko. Izan zaitezte abegikor, berak ez baitu egin, nik egin dut.
Herritar zintzo eta estimatuak, hemendik aurrera, lasai egin lo.
Post scriptum: Munduan badira nahikoa polizia abegikor, promozio zahar eta berrikoak, epaile zentzudun betierekoak, osasun arduradun immunizatuak, agintari herritar zerbitzari leialak eta 'diariovasco' beti-betikoak. Ez daukagu haien lana egin beharrik. Zaindu, maitatu, bizi! Gorputz zaharreko NI berria.