Koronabirusa

Anoetako EH Bilduk udalbatzako kide baten dimisioa onartzea erabaki du

Ataria 2021ko ots. 12a, 13:21

EH Bilduk Anoetako zinegotzi bat kargugabetu duela jakin zen atzo, baina herriko koalizioak argitu du zinegotziak berak aurkeztu zuela dimisioa, eta herriko mahai politikoak onartzea erabaki zuela. 

EH Bilduko Anoetako zinegotzi bat kargugabetu duela argitaratu bada ere, herriko mahai politikoak argitu nahi izan du zinegotziak berak eman ziola mahai politikoari egindako arau hauste baten berri eta bera izan zela dimisioa mahai gainean jarri zuena.

Horiek horrela, Anoetako mahai politikoa izan zen zuzendaritzari informazio hori helarazi ziona, koaliziotik argitu dutenez. Hori eta gero, asteazkenean, Anoetako EH Bilduk atari guztietan jarri zuen informazio hori, herritarrak egoeraren jakitun izan zitezen.  “Dagokigun ardura gure gain hartuta, argi adierazi nahi dugu larria izan dela kide honen jokaera. EH Bildu osatzen dugunoi, eta inplikatutako zinegotziari, autokritika egitea dagokigu, eta horrelakorik berriz errepika ez dadin gure buruarekin zorrotzagoak izateko konpromiso publikoa adierazten dugu”. Zinegotziak COVID-19ari lotutako neurriei lotuta “egindako akatsa” onartu duela nabarmendu dute beraz, Anoetako EH Bildutik. Egoera aztertuta ostegun arratsaldean erabaki zuten bere dimisioa onartzea. Horrez gain Anoetako EH Bilduk jakinarazi nahi izan du kide horrek auzitan jarri den gertaerei lotuta eginiko proban negatibo eman zuela.

Anoetako EH Bilduk bere oinarri soziala deitu du bihar 11:00etan, Auditorioan egingo den batzarrera, eta bertan, besteren artean, gai  honi buruzko azalpenak emango dituztela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!