Errefusa atez ate bilduko dute berriro Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urt. 26a, 07:59

Edukiontzietan bildu dute errefusa hilabeteotan, baina emaitzak ikusita, aurreko sistemara itzultzea adostu dute EH Bilduk eta EAJk

Martxoaren 1etik aurrera, errefusa atez ate jasoko dute Anoetan. 2020ko martxoan, COVID-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, errefusa edukiontzi bidez biltzen hasi ziren herrian eta konfinamendua amaitu ostean, udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, beste sei hilabetez errefusa edukiontzi bidez jasotzen jarraitzea adostu zuten.

Udaletik adierazi dutenez probaldiaren helburuak bi ziren: «Alde batetik, lurrean zabor poltsak uzteko joera egonkortuarekin bukatzea, honek elkarbizitza eta osasunean dituen arazoekin amaituz; eta bestetik, ikustea ea herritarrak gai ziren errefusa edukiontzi bidez bilduta, 2020. urte hasierako %74ko gaikako bilketa datuetara iristeko». Helburuak ez dira bete, ordea. Emaitzek okerrera egin dute eta errefusa atez ate biltzera itzultzea adostu dute bi alderdiek.

Sei hilabeteko probaldiaren ondoren, Anoetako Udalaren esanetan datuak ez dira «batere onak». Errefusa kopuruak «nabarmen» egin du gora. Udalak abenduan herrian banatu zuen esku orrian aipatzen zuenez, urrian 15.000 kilo errefus bildu ziren, esate baterako. «COVID-19an positibo emandako etxeetan hondakin guztiak errefusaren edukiontzira botatzeko agindua badago ere, izan dira positiborik gabeko hilabeteak (iraila, esate baterako) eta errefusa kopurua, hala ere, esanguratsua izan da».

Horrek eragin du, besteak beste, gaikako bilketa tasaren ehunekoak behera egitea. Iazko urtarrilean %74,05ekoa izan zen, apirilean %61,34koa, uztailean %69,36koa, urrian %66,22koa eta abenduan %66,61ekoa. «Kontrolik gabeko errefusa bilketak, beraz, emaitzak okertu ditu eta frogatu du, oraindik ere, gai honetan herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko lan handia dagoela. Gainera, edukiontziak jartzeak lurreko poltsak gutxitu arren, ez ditu guztiz desagerrarazi», esan dute udaletik. Honenbestez, martxoaren 1etik aurrera, errefusa atez ate bilduko dute berriro Anoetan, udalaren esanetan hori baita, gaur gaurkoz, «emaitzarik hoberenak ematen dituen sistema».

Aurrez adostutakoa betetzera dator erabakia, iazko uztailean Anoetako Udalean ordezkaritza duten EH Bilduk eta EAJk gaiaren inguruko akordioa izenpetu baitzuten. Abendura bitartean errefusa edukiontzi bitartez biltzen jarraitzea, hondakinen sentsibilizazio kanpainak indartzea eta jarraipen zorrotza egitea adostu zuten orduan. Bide batez, epealdi horretan, uztailetik abendura, birziklatze tasa %74tik jaisten baldin bazen, errefusa atez ate biltzera bueltatuko zirela ere erabaki zuten bi alderdiek elkarrekin. Helburua lortu ez dela ikusita aurreko sistemara itzultzea erabaki dute orain.

EH Bilduk eta EAJk, beste hainbat helburu ere finkatu dituzte 2021ari begira: gutxienez, %75eko gaikako hondakin bilketa tasa lortzea; hamabostean behin elkartuko den hondakinen jarraipen batzordea sortzea; eta kaleko zabor poltsak desagerraraztea. Udal bulegoetan, ingurumen sailean, herritarrei hondakinen inguruko informazioa emateko prest direla jakinarazi dute udal ordezkariek: 943 65 12 00 (6 luzapenarekin) edota ingurumena@anoeta.eus helbidean.

Auzo-konpostaren analisiaren emaitzak ere eman dituzte ezagutzera eta udalak nabarmendu du Anoetan kategoria goreneko konposta lortu dutela: «Eredu honekin jarraitzeko bultzada ederra da, zorionak erabiltzaile guztiei».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!