Martxoaren 1etik aurrera errefusa atez ate bilduko da berriro

Ataria 2021ko urt. 21a, 17:59

Anoetako Udala osatzen duten EH Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute errefusa, berriro, atez ate jasotzen hasteko.

Martxoaren 1etik aurrera, errefusa atez ate jasoko da Anoetan. Joan den martxoan, COVID-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, errefusa edukiontzi bidez biltzen hasi ziren Anoetan. Konfinamendua amaitu ostean, udalean ordezkaritza duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, beste sei hilabetez errefusa edukiontzi bidez jasotzen jarraitzea adostu zuten. Probaldiaren helburuak bi ziren udaletik adierazi dutenez: "Alde batetik, lurrean zabor poltsak uzteko joera egonkortuarekin bukatzea eta honek elkarbizitza eta osasunean dituen arazoekin amaitzea; eta bestetik, ikustea ea herritarrak gai ziren errefusa edukiontzi bidez bilduta, 2020. urte hasierako %74ko gaikako bilketa datuetara iristea". Emaitzek, ordea, okerrera egin dute eta errefusa atez ate biltzera itzultzea adostu dute bi alderdiek.

Probaldiaren emaitzak

Sei hilabeteko probaldiaren ondoren Anoetako Udalaren esanetan datuak ez dira "batere onak". Errefusa kopuruak "nabarmen" egin du gora. Gaikako bilketaren datuei begiratuta martxoan %71,51ekoa zen tasa eta apirilean %61,34ekoa. Ordutik Tolosaldeko Mankomunitateak emandako datuen arabera, gora-beherak izan dira bilketa tasan, baina ez da inoiz %70eko kopurura iritsi (abenduan, gaikako bilketa tasa %66,61ekoa izan da).

"Kontrolik gabeko errefusa bilketak, beraz, emaitzak okertu ditu eta frogatu du, oraindik ere, gai honetan herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko lan handia dagoela. Gainera, edukiontziak jartzeak lurreko poltsak gutxitu arren, ez ditu guztiz desagertu". Honenbestez, martxoaren 1etik aurrera, errefusa atez ate bilduko dute berriro Anoetan, udalaren esanetan hori baita, gaur gaurkoz, "emaitzarik hoberenak ematen dituen sistema".

EH Bilduk eta EAJk, beste hainbat helburu ere finkatu dituzte 2021ari begira: gutxienez, %75eko gaikako hondakin bilketa tasa lortzea; hamabostean behin elkartuko den hondakinen jarraipen batzordea sortzea; eta kaleko zabor poltsak desagerraraztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!