Udal zerbitzuak indartzen jarraituko du Anoetako Udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko urt. 14a, 11:59

Anoetako Udalak 2,4 milioi euroko aurrekontua onartu du 2021erako; gizarte-ongizate zerbitzuak indartu nahi dituzte eta energiaren kontsumoa murrizteko urratsak eman

Anoetako Udalak abenduaren 28an onartu zuen 2021eko aurrekontua, EH Bilduko udal ordezkarien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzien abstentzioarekin. 2.424.000 euroko diru saila izango du udalak aurten, «iazkoaren oso antzekoa», Pello Estanga alkateak nabarmendu duenez: «Azken urteetan tentuz kudeatu ditugu kontuak eta horri esker, orain krisi egoeran eta foru funtseko ekarpenak jaitsita ere, eutsi diezaiekegu proiektu nagusiei».

Udalak herritarrengandik gertu egon behar duela uste du alkateak eta horregatik esan du inbertsiorik garrantzitsuenak zerbitzu publikoak indartzeko egiten direnak izaten direla. Osasun krisiaren testuinguruan gizarte-ongizate zerbitzuak hartzen duen esanguran jarri du azpimarra Estangak. Iaz bulego berria atondu zuten udaletxeko beheko solairuan eta teknikariaren laguntzailea kontratatu zuten. Aurten saileko teknikariaren lanpostua lanaldi osokoa izatera pasako da.

«Zerbitzua sendotu eta indartu nahi genuke eta harremanak ugaritu. COVID-19arekin adineko pertsona asko isolatuta dago etxeetan eta gizarte zerbitzuak kanpora atera nahi genituzke. Gizarte langilea kalean egotea da gure nahia eta bisitak egitea. Jakin dezatela gure aitona-amonek jarraipen zuzena egingo zaiela, denbora gehiago eskainiko diegula. Horretarako handitu dugu aurrekontua sail honetan», esan du alkateak. Adin txikikoekin egiten diren esku hartzeak eta etxez etxeko zerbitzua ere indartu nahi dituzte 2021ean.

Energia burujabetzarantz

Udaleko sailen egitura berrikusi eta berrantolatzeko lanean ari dira Anoetan azken hilabete hauetan. Norabide horretan osatu dute Lurralde departamendua, Hirigintza, Landa Garapena eta Ingurumeneko sailak barne biltzen dituena. Iaz pertsonala egonkortu zuten departamendu horretan eta aurten ingurumenarekiko harremanetan eta babesean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa agertu du udalak. «Aspalditik gaude hasita kontsumo baxuko argiteriarekin. Azkeneko led argiak jarri ditugu frontoian eta kiroldegi inguruan. Iaz kiroldegiko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarri genituen, kiroldegia bera eta ikastola hornitzeko eta norabide horretan energiaren burujabetzan sakontzeko, auto-hornikuntzarako sistemak aztertuko ditugu aurten».

2021eko asmoen artean dago udal eraikinetan auditoria energetiko bat egitearena, «energia kontsumoa murrizteko urratsak eman ditzagun». Udaletxeko teilatua konpondu eta fatxadaren azterketa bat egingo dute zein neurri har daitezkeen aztertzeko. Ingurumenaren arloan sentsibilizazioan sakonduko dute eta horretarako parte hartze prozesuak bideratuko dituzte.

Departamenduetako aurrekontuak indartzeko ahalegina egiten ari direla azken urteetan azaldu du Estangak: «Etorkizunean gastu arrunta bihurtuko diren inbertsioak dira hauek, azken batean sortzen diren behar berrietara egokitu behar baitugu udalaren egitura».

Sarrerak eta gastuak berdindu eta udalak 2024ra bitartean duen maileguaren zati bat kitatuta, aurrekontuaren %8,2 inbertsioetara bideratuko dute, 180.000 euro inguru. «Aurreikuspen bat da, gure lehentasunak zeintzuk diren markatzeko balioko diguna. Kopuru hori, gero, ugaritu egin beharko dugu adierazitako inbertsioei aurre egin ahal izateko, baina, zorionez, badugu horretarako ahalmena. Gerakinean partida horiek ugaltzeko dirua egongo dela aurreikusten dugu».

Besteak beste, etxebizitza hutsak merkaturatzeko aukerak aztertzeko asmoa du udalak. «Parte hartze prozesu bat abiatua dugu dagoeneko. Indarrak hor jarri nahi ditugu. Gauza ez da eraikinak egin eta egin jardutea. Zer egin daiteke etxe huts horiekin? Udaletik zein baliabide jarri ditzakegu horretarako? Bitartekaritza lana egin dezakegu? Hori aztertu nahi genuke eta eraikinetako behealdeak etxebizitza bezala egokitzeko ordenantza bat atera. Printzipioz, 20.000 euroko diru-sail bat zabaldu dugu horretarako. Gero ikusiko dugu zein behar sortzen diren».

Gainerako inbertsioen artean honakoak azpimarratu ditu alkateak: «Modesto-Enea eremua erosi eta babestea; Ateaga elkartearen eta Igerabide kalearen arteko pasealekua irekitzea; kaleak garbitzeko ekortzaile elektriko bat erostea; liburutegirako hainbat liburu erostea; udaletxeko artxiboa egokitzea; eta landa bideak konpondu, irisgarritasuna hobetu eta inbentariatzea».

EAJ-ren abstentzioa

Abenduaren 28ko osoko bilkuran, aurrekontu proposamena bozkatzerako orduan, EAJren taldeak abstenitzea erabaki zuen. Botoaren norabidea argudiatzerako orduan, besteak beste, Modesto-Enea eremuaren gaia aipatu zuen Rafa Uribarren zinegotzi jeltzaleak: «5.000 euroko partida ireki da aurrekontuan eta uste dugu gutxiegi dela proiektuarekiko apustu serio bat irudikatzeko. Hasierako pausoak emateko 20.000 euroko partida izatea eskatzen dugu».

Alkateak kopuruetatik harago gai honetan bi alderdiek duten adostasuna nabarmendu eta 2021ean eremu hori eskuratzeko elkarrizketetan jarraituko dutela hitz eman du. Aire libreko kirol gune bat eraikitzeko EAJk egin duen proposamenenarekin, ordea, ez dator bat EH Bildu. «Gaur gaurkoz, ez zaigu inor eskaera horrekin udaletxera etorri eta ez dago gure lehentasunen artean», esan du Estangak.

Zabor tasa %15ean igotzea «gehiegizkoa» dela ere esan du EAJren udal taldeak aurrekontuaren eztabaidan. Anoetako alkateak erantzun du ez dela inoren gustukoa zergak igotzea: «Dena den, jeltzaleek proposatutako %5eko igoera eta guk onartutako %15eko igoeraren artean, zentimo batzuen aldea baino ez dago. Hondakinen bilketa eta tratamenduagatik GHKtik udalei kobratzen zaigun kopurua handitu egin da azkenaldian eta urtean 72.000 eurora igo da zerbitzuaren defizita. Nolabait zulo hori berdindu beharra dagoela uste dugu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!