OLERKIA

EU

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Peñagarikano Irazusta 2020ko abenduaren 4a

Zaharra bezain ederra zara. 

Zugandik ikasten dut egunero zerbait berria. 

Zu gabe ez nintzateke naizena izango, 

mundua ulertzen irakatsi didazulako.

Askok isilarazi nahi zaituzte. 

Askok gutxiesten zaituzte;

baina horrek egiten zaitu indartsu. 

Askok uste dute ez duzula ezertarako balio. 

Askok nahi zintuzke hilik.

 

Nahiz eta beti ez zaitudan behar bezala tratatzen, 

ama bezalakoa zara: bakarra eta nirea.

 

Zaude ziur; ez inork, ez inoiz; sekula ezingo du hori aldatu.

 

Urteko 365 egunak merezi dituzu.

Jakin ezazu: mila aldiz hil beharko nuke nik 

zuri itzultzeko

zuk eman didazun guztia.

 

Esan dezaket ozenago, baina ez, argiago: 

Euskara maite dut nik. Eta euskarak maite nau ni.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!