Nazkatu naute inora eramaten ez gaituzten hizketaldiek, beldurraren politika ziztrin honek, herritarroi errua botatzeko egiten dituzten prentsaurrekoek, txertoak salbatuko gaituela uste dutenen sermoiek.
Beti bezala zer gutxi ari garen egoeraren muinaz hitz egiten. Zer ikuspegi murritzez ari garen honi aurre egin nahian. Zer ikuspegi antropozentrikotik (bai, gizakia lehenengo eta gero gerokoak). Zer-nolako noraezetik. Kostatzen ari zaigu, baina badut esperantza, bueltatuko garela bertsio ofizialak zalantzan jartzera, hausnartzera eta, behin galbahetik pasata, onartu behar badira onartzera eta bestela desobedientziara. Zeren hemen batzuek Lurrarekin eta lurtar guztiokin Monopolian jokatzen daramatzate urteak eta orain komunitatearen zaintzaz hitz egiten digute, berriz ere dena lehengora bueltatu dadin. Eta barkatu, baina, utziguzue komunitatearen osasunaren izenean hartutako neurriak zalantzan jartzen, gerora betiko gizarte indibidualista eta baztertzailera bueltatzea baldin bada plana.
Kostatzen ari zaigu, baina badut esperantza, bueltatuko garela bertsio ofizialak zalantzan jartzera, hausnartzera eta, behin galbahetik pasata, onartu behar badira onartzera eta bestela desobedientziara.
Izan ere, aurreko igande arratsaldean mendira joan nintzenean, sasi artera salto egiteko kristoren gogoa sartu zitzaidan. Aldapan gora nindoala familia bat gurutzatu nuen beheraka. Sei bat urteko semea eta gurasoak. Mendian bakarrik. Nirekin gurutzatu beharreko denbora segundo erdi batekoa. Maskarak jantzita zihoazen. Inoren kontrolpeko begiradarik gabe, kutsatzeko arriskurik gabeko eremu batean, familia bereko hiru kide, maskara jantzita. Eta hainbeste gauza esan zizkidan irudi hark… Orainak ez dakit, baina ni etorkizunak asko kezkatzen nau.