Heziketa gune berri bat Anoetan

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 14a, 11:59
Iratxe Olano Anoetako gazteria suspertzailea izango da gaztelekuko hezitzailea

Gaur zabalduko ditu ateak Anoetako gaztelekuak; DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailan dabiltzan herriko gaztetxoek erabili ahal izango dute espazio berria

Iritsi da eguna. Gaur zabalduko ditu ateak Anoetako gaztelekuak. Hemendik aurrera asteazkenetik ostiralera egongo da irekita 17:00etatik 20:00etara, eta larunbata eta igandeetan, berriz, 16:00etatik 20:00etara. Espazioa prestatuta dago, baino gainerako guztia egiteke.

Iratxe Olano gazteria suspertzailea da Anoetan eta hezitzaile bezala ariko da gaztelekuan: «Gune ezberdinak prestatu ditugu. Badago egoteko txoko bat, eta beste bat sormenarena deitu dioguna. Eskulanetarako materiala jarri dugu bertan, gaztetxoek beren irudimena landu dezaten. Mahai eta aulkiak ere badaude eta aukera dago mahai jokoetan aritzeko edo etxeko lanak bertan egiteko. Nahiko hutsa dago oraindik, espazioa nola antolatu eta zertarako erabili gazteek erabaki beharko dute gaurtik aurrera».

Hasiera batean, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik DBHko laugarren mailara bitarteko gazteentzat zegoen pentsatuta gaztelekua, baina COVID-19agatik ezarrita dauden arauei jarraituz, jende gutxiago egon ahal izango da aldi berean espazio horretan: 14 gazte eta hezitzailea. Telematikoki izena emateko aukera eman zitzaien DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailetan dabiltzan ikasleei eta 60 bat gazte animatu dira.

«Adin aniztasuna bermatzea gustatuko litzaiguke, baina osasun egoerak ez du horretarako aukera ematen. Etortzen diren gazteek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, sarrerakoan eskuak garbitu eta musukoa erabili beharko dute barruan daudela», esan du Olanok. Asteazkenetan DBHko lehenengo mailakoak, ostegunetan DBHko bigarren mailakoak eta ostiraletan DBHko hirugarren mailakoak egongo dira gaztelekuan; Larunbatetan, berriz, 16:00etatik 18:00etara lehenengo mailakoen txanda izango da eta 18:00etatik 20:00etara bigaren mailakoena; Hirugarren mailakoek, aldiz, igandetan erabili ahal izango dute gaztelekua.

Eguberrietan edota opor garaian ordutegi ezberdina izango du gaztelekuak eta bertan aritzen diren nerabeekin erabakiko da egun horietarako programazioa. «Nahiz eta gaztelekuko erabiltzaile ez izan, udaletik Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan dabiltzan umeentzat ekintzak antolatuko dira oporraldian eta gaztelekuko espazioa baliatuko dugu tailerrak edo bestelako emanaldiak antolatzeko».



NERABEEKIN LANKIDETZAN

Gaztelekuak gazteen interesei erantzungo diela nabarmendu du Olanok. «Lasai egoteko espazio bat izatea gustatuko litzaidake. Azken batean, gazteak eskolan zazpi ordu pasatzetik datoz hona eta merezi dute eroso egoteko gune bat. Hala ere, nahiz eta hezkuntza formaleko espazio bat ez izan, pentsatzen dugu gaztelekua badela heziketa gune bat. Nik hezitzaile bezala zuzeneko harremana izango dut gazteekin eta beharrezkoa bada esku hartzeak egingo ditut, baina komunitate guztia inplikatu nahi nuke gure nerabeen heziketan».

Anoetako Gazte Asanbladako eta Matraka gazte talde feministako kideek eman diote baiezkoa Olanori eta prest agertu dira nerabeekin batera esperientziak partekatzeko. «Hiru hilez behin gai batzuen lanketa egitea proposatuko diet gazteei. Gai horietako bat sexualitatea da. Emozioak lantzeko bidea ematen du gaiak eta jakin nahi dut nola sentitzen diren gazteak. Uste dut koronabirusaren garai hauek eragin handia dutela emozioetan. Harremanak eraikitzen diren garaia da nerabezaroa eta iruditzen zait garrantzitsua dela gazteei bestelako erreferentziak ematea, telebista eta filmetan agertzen denaz aparte». Sexualitateaz gain, aisialdi eredua eta herri izaera landu nahi ditu hezitzaileak gaztelekura hurbiltzen direnekin: «Herriko festetan izaten da ume eta gazteen egun bat. Udalak egun horretako egitaraua erabaki beharrean, nerabeek beraiek erabakitzea da proposatzen dieguna».

Ideiak asko izan arren, bidea nerabeekin batera egin nahi dutela azpimarratu du Olanok. Gaztelekua euren erara egokitzea izango da lehenengo pausoa. Uztailean antolatu zuten programazioaren barruan, gaztelekurako eserlekuak prestatu zituzten horretarako paleak erabilita eta udal brigadako langile baten azalpenak jarraituta. «Hori izango da bidea», esan du Olanok. «Nerabeek euren neurrira eta euren interesen arabera eraiki dezaten gaztelekua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!