'Ñañokeria'

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Sarasola 2020ko ira. 28a, 10:58

Ez dakit inoiz kosta ote zaidan hainbeste zuei ze kontatu erabakitzea. Eta horretan ari nintzela, orri zuriaren aurrean hitzak idatzi eta borratu, oso gauza polita gertatu zait. Aste honetan zehar askotan ibili naiz idatzirako helduleku bila baina nondik heldu ez nekiela. Baina ohartu naiz, egun batzuetan zehar edozein unetan abesti bat abesten hasten nintzela. Aspaldi entzun gabeko abesti bat, beti asko gustatu baina inoiz letrari arreta gehiegi jarri gabea nintzena. Eta ohartu naiz, zomorroaren garai hauetan sentitzen dudana goxo biltzen duela.

Lili bat
hartu
eta hostoz hosto
erantzi
eta harek zu ere
amets
eta harek zu ere
erantzi
eta hostoz hosto
hartu
lili bat

Hartu nahiko nukeelako eskuetan lili bat. Eta nahiko nukeelako lili hori mundua izatea. Eta hostoz hosto eranztea. Kentzeko daukan guztia kentzeko (edo kendu dioguna jartzeko). Munduak gurekin amestu arte. Nahiko nuke berak gu ere biluztea. Eta nahiko nuke hostoz hosto berriz ere mundu bat eraikitzea.

Hartu nahiko nukeelako eskuetan lili bat. Eta nahiko nukeelako lili hori mundua izatea. Eta hostoz hosto eranztea.

 

Ñañokeria dirudi baina gaur ez nizuen hitz egin nahi Morian kiskalitako kanpalekuaz eta bizitzez edo Baionako turismo bulegoaren aurrean hilotz agerturiko emakume etxegabeaz. Ez nizuen aipatu nahi espetxea beti dela espetxe Martutenen, Zaballan edo Puerto de Santamarian. Ez nizuen errepikatu nahi osasunaren izenean ezker-eskuin ari zaizkigula golak sartzen. Eta batez ere, ez nizuen kontatu nahi, ezker-eskuin sentitzen ditudala faxistak. Eta mundua hostoz hosto eraiki nahi dugunok lo gaudela.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!