Koronabirusa

Negazionista ote naiz?

Neure buruari hitza eman nion ez nuela COVID-19ari buruzko iritzi artikulurik idatziko, hedabideengandik etengabe ari garelako informazioa jasotzen. Azkenaldian, ordea, kezkatuta nauka jendartean sortzen ari den fenomeno batek: negazionisten eta botereak ezarritako arauak guztiz defendatzen dituztenen arteko dikotomia.

Azken egunetan, horri buruzko eztabaida ugari ikusi ditut sare sozialetan, eta ez zaizkit erabat zintzoak iruditu. Sentsazioa daukat sistema bera ari dela dikotomia hori hauspotzen, eta ondorioz, jendartea polarizatzen: negazionista ala botereak esandakoari men egiten diona. Gurekin zaude edo beraiekin. Bat edo beste. Ez dago erdibiderik.

Eta diot sistema bera ari dela hori hauspotzen, sistemari berari ez zaiolako komeni pandemia honen ondorioak areagotu dituen egiturazko gabeziei kritikotasunez heltzea. Sistema bera ari da etengabe norbanakoon bizkar gainean jartzen pasatzen ari denaren errua. Arduragabeak. Ez jakinak. Berekoiak. Denetik esan digute herritarroi. Argi dago instituzioek eta hari lotutako industria mediatikoak mekanismo hori erabili dutela beren ardura estaltzeko.

Ez dut nik zalantzan jarriko pandemia bat bizitzen ari garen edo ez. Onartu behar dut ni ez naizela zientzialaria, eta ez dakidala pandemia bati aurre egiteko neurririk egokienak zein diren edota maskararen eraginkortasuna zein den. Kontziente naiz egoera larria dela, baina uste dut erakundeek etengabe ume bezala tratatu gaituztela, eta heldutasuna da zor digutena. Egoera ulertzeko baliabideak ematea da beren egitekoa, informazio zehatza eta egiazkoa transmitituz.

Sentsazioa daukat sistema bera ari dela dikotomia hori hauspotzen, eta ondorioz, jendartea polarizatzen: negazionista ala botereak esandakoari men egiten diona

Izan ere, iruditzen zait kontatzen ari zaizkigutena baino ertz gehiago dituela arazoak. Felix Zubia medikuak aste honetan bertan esan du ospitaleetako ZIUek gainezka egiteko arriskua dutela, eta benetan larria iruditzen zait hori. Baina zilegi da kutsatze guztien erantzukizun guztia norbanakoen gain uztea? Non dago erakundeen kudeaketaren ardura? Zein da baliabide faltaren erantzulea? Zer gertatzen da zaharren egoitzetan? Eta eskoletan? Lantegietan? Aste honetan bertan, hezkuntza komunitateko milaka langilek hezkuntzarako itzulera neurtua eta adostua eskatu dute. Hori ere gure ardura ote da?

Ardura norbanakoen gainean jarri ordez, kolektiboki pentsatu eta elkar zaintzea dagokigu. Ez gaitzatela otzan bihurtu, eta izan gaitezen erakundeetatik esaten digutena zalantzan jarri eta kritikotasunez lantzeko gai, horrek ez gaitu eta negazionista bihurtzen. Hori jendarte osasuntsu baten erakusle izango litzateke, eta ez dezagun ahaztu: osasuntsu egotea ez da gaixotasun falta bakarrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!