"Materiala komunitatera ere heltzea nahi dugu, gizartea lehen lerroan jarriz"

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 22a, 16:59

Udan saharar haurrak etxean hartzen ditu Egoitz Luisak (Anoeta, 1983). «Duela lau urte hasi ginen, eta gureak balira bezala sentitzen ditugu», dio. Azken hilabeteetan, birtualki izan dute kontaktua eurekin, baina Luisak aitortzen du ez dela gauza bera.

Zer moduz sentitzen zarete ezohiko egoera hau dela eta?

Triste gaude, haurrak errefuxiatu kanpamenduetatik atera eta bi hilabetez laguntza eskaintzeko aukerarik ez dugulako. Baina aldi berean, arduratuta ere bai. Oraindik ez da birusaren arrastorik topatu bertan. Beraz, hona ez etortzeak balio dezala osasun aldetik haurrak babesteko.

Hala ere, uste duzue neurriak bermatuz etor zitezkeela?

Ez da erraza jakiten. Gehiegizko konfiantza bat izateak bertan birusa sartzea ekar dezake, eta dituzten gabeziak kontuan izanda, triskantza izugarria izango litzateke. Gure aldetik oso berekoiak izango ginateke udara eurekin igarotzea pentsatuko bagenu.

Zer dela eta abiatuko duzue material bilketa?

Saharar haurrak hona etortzen direnean, materialez betetako 28 kiloko poltsa batekin bidaltzen ditugu bueltan, kanpamenduetan aprobetxatu dezaten. Eramaten duten material hori familietara bakarrik ez, komunitatera heltzea ere nahi dugu, gizartea lehen lerroan jarriz. Horregatik, kanpamenduetan osasun arloko materiala erabiltzeko premiarik ez eduki arren, ospitaleetan edo osasun zentroetan erabiltzeko baliatu dezakete.

Otsailean egin zenuten azken bilketa. Zer moduz joan zen?

Aurrekoekin alderatuz, igoera bat izan genuen kilo kopuruan. Hala ere, materiala kanpamenduetara iristeko dago oraindik, dagoen burokraziagatik, Aljeriara igaro ezinik dago. Afrikako herrialdean birusa gogor ari da kolpatzen, eta mugak itxita dituzte.

Eta zeintzuk dira aurrera begira dituzuen helburuak?

Irailean ere, beste bilketa bat egin nahi dugu, eskualdeko herri gehiagotan. Elkartasun sare hau herri txikiagoetara ere heltzea nahi dugu. Bestetik, bilduko den materiala ibilgailu desberdinetan bidali nahi dugu, eta horretarako, udalekin, enpresekin eta beste hainbat erakunderekin ere harremanetan jarri gara, erabiltzen ez dituzten ibilgailuak doan emateko eskatuz. Ibilgailu horiek, gainera, gerora sahararrek erabili ahal izateko eskuragarri utzi nahi dizkiegu.

Haurrak etortzen direnean, diru laguntza bat ematen dute udalek, haurren beharrak asetzeko. Hala ere, nahiz eta haurrak ez etorri, behar handia dagoenez, laguntza hori gordetzea eskatzen diegu. Elkartasuna banatzeaz gain, beharrezkoa izaten da dirua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!