Koronabirusa

Zaintza taula jarriko du martxan Anoetako Udalak

Ataria 2020ko ekainaren 20a

Zaintza arloan lan egin nahi duten herritarren eta familien arteko harremana erraztuko du Anoetako Udalak tabloiarekin.

Anoetako Udalak udalekuak ez antolatzea erabaki du aurten, COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta. "Ezin dugu bermatu segurtasun neurriak zehatz-mehatz beteko ditugunik, batez ere, orain arte udaleku irekiek izan duten formatua kontuan izanik", aipatu du Iratxe Olano udaleko gazteria suspertzaileak.

Udala jakitun da erabakiak eragina izango duela haurrengan, nerabeengan, udalekuetan lan egin nahi zuten pertsonengan eta familiengan. "Benetan sentitzen dugu", aipatu du Olanok. Hala ere, zaintza arloan sor daitezkeen egoerei irtenbidea emateko proposamena garatu dute gazteria sailetik: zaintza tabloia. "Helburu nagusia, zaintza arloan lan egin nahi duten herritarren eta familien arteko harremana erraztea da". Zaintzaren arloan lan egin nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Udaletik pasa beharko dute horretarako eta euren datuak eman (izen-abizenak, telefonoa eta e-posta), datu horiek publikatzeko baimena ematen duela adierazten duen dokumentua sinatzearekin batera. Ondoren, informazioa udaletxeko saihets batean dagoen iragarki taulan publikatuko dute. 

Haur eta nerabeak, udalekurik gabe, antolatutako aisialdirik gabe gelditu dira aurten Anoetan. Egoera horri zer esku hartze egin pentsatzen dabiltza gazteria sailetik. "Argi dugu haur eta nerabeen aisia beste modu batean bermatu behar dugula. Garrantzitsua iruditzen zaigu herriko haur eta nerabeei aisia eskaintzea, euren beharretako bat baita jolastea. Horregatik, uztailean zer antolatu, nola, noiz... pentsatzen ari gara". Hilabetea gutxi gora-behera antolatuta dutenean horren inguruko informazioa zabalduko dute Anoetako Udaletik.  Hala ere, ekintzen antolaketan parte hartu nahi dutenei edo ideiak konpartitu nahi dituztenei harremanetan jartzeko bideak gogoratu dizkiete: 688 76 13 43 edo gazteria@anoeta.eus.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!