Maiatzaren 25ean, Anoetako Udala eta herriko festetan parte hartzen duten eragileen artean egindako bilera batean aurtengo Korputs jaiak betan behera uztea erabaki zen. Herritarrei erabakia jakinarazteko ohar bat atera dute eragile guztiek elkarrekin –Anoetako Udala, Kuku elkartea, Ateaga elkartea, Kuku pilota elkartea, Su-Berri pilota elkartea, Anoekate kirol taldea, Anoetako talogileak, Kukuak Kantuz, Loatzo musika eskola, Anitz dantza taldea, Alkartasuna erretiratu elkartea, Anoetako Herri Ikastola eta Anoetako Herri Mugimendua–.
Herri eragileok herritarrei arduraz jokatzeko eskatu diete: "Jakitun gara jaiek herriko identitatea osatzeko duten garrantziaz, egun hauek direlako denok elkarrekin gozatzeko uneak. Aurtengoan ez da Kukuaren jaitsierarik izango, ez danbor-hotsik, toka txapelketarik, gazteen dantzarik edo erromeriarik, baina saiatuko gara, egoerak ahalbidetzen badu behintzat, ekitaldi ezberdinak urtean zehar egiten. Izan ere, herriko jaiek gure nortasunean duten garrantziaz gain, kultura eragile eta sortzaileentzat ere ezinbesteko plaza dira eta hauekiko dugun konpromisoak ardura hori hartzera garamatza".
Oharrean aitortu dute "penaz" hartutako erabakia dela, baina uste dutela une honetan arduraz jokatu behar dutela. Hori bera eskatu diete herritarrei ere, egoera honetatik lehenbailehen atera ahal izateko. "Argi dugu anoetarrontzat hau ez dela eten bat izango. Egoera honek alor askotan eman digu zer pentsatua eta festen gaia ere ez da salbuespena. Horregatik, har dezagun urte hau herritarron arteko sareak indartzeko eta etorkizunean antolatuko diren herriko festa eta ekitaldien antolakuntzari gogotsu heltzeko. Ziur gaude, berandu baino lehen, izango dugula aukera Anoetak berea duen ilusio eta umore hori elkarrekin partekatzeko. Gora Korputsak. Gora Anoeta!".