114.000 euro jasoko ditu Anoetan trenak harrapatutako pertsona baten familiak

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 28a, 12:06

2014ko apirilaren 20an gertatu zen istripua Anoetako geltokian; 28 urteko pertsona bat hil zen Bartzelona-Irun ibilbidea egiten ari zen trenak harrapatuta.

Hildakoaren familiak auzitara eraman zituen Adif eta Renfe, trena abiadura handian zihoala eta trenbidea gurutzatzeak zekarren arriskuaz ohartarazteko kartel txiki bat baino ez zegoela argudiatuta, "nahiz eta geltoki horretan behin baino gehiagotan gertatu diren istripuak". 

Donostiako lehen instantziako epaitegiak, hasira batean, familiaren salaketa zati batean baino ez zuen aintzat hartu. Argitara emandako sententzian onartu zuen tren bat badatorrela iragartzeko ez dela nahikoa tamaina txikiko kartel bat egotea eta "argidun edo soinudun" elementuen beharraz hitz egin zuen. Epaitegiak ebatzi zuen, "erantzukizunen aldiberekotasuna" eman zela kasu honetan, "eta neurtzen zaila izanik ere", istripuaren erantzule zela hildako pertsona %85ean, eta %15ean, berriz, trenbidea kudeatzen duen Adif enpresa. Istripua izan zuen lagunaren gurasoek 12.616 euroko kalte ordaina jaso zuten.

Ebazpenarekin konforme ez eta familiak helegitea aurkeztu zuen Gipuzkoako Auzitegian. Orain egin dute publiko sententzia eta auzitegiak argudiatu du istripua izan zuen pertsonak ez zuela kontrako noranzkoan trena zetorrenaren inongo ohartarazpenik jaso, "ez funtzionarioen aldetik, ez megafoniatik, ez argi seinalerik, ezta soinurik ere; Trenak ez zuen txistu jo eta 100 kilometroko orduko abiadan zihoala kontuan hartuta istripua izan zuen pertsonak ezin izan zuen trena ikusi, gainean izan zuen arte". Honenbestez, Adifek eta Renfek 114.000 euro ordaindu beharko dizkiete hildakoaren senitartekoei.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!