Bi hilabete hauetan behin baino gehiagotan izan dut bi errealitate ezberdinetan bizitzearen sentsazioa. Agintariek datuak nahita ezkutatu izan dizkigutela sentitu dut behin eta berriz, bai zaharren egoitzetako zein ospitaleetako kutsatuen kopuruei dagokionez, egin dituzten test kopuruari dagokionez, ospitaleetako kolapso egoerei dagokionez eta abar. Zer esan EHUko testekin gertatu denari buruz: Zergatik ez dira hasi lehen momentutik egiten? Zergatik pasa da hainbeste denbora EHUk eta Eusko Jaurlaritzak ituna sinatu duten arte? Zein interes daude horren atzean?
Ez zaituztet koronabirusak eragindako egoerari buruzko kontuekin gehiago nazkatuko, horri buruzko iritzi eta analisi ugari topa baitaitezke hedabideetan. Konfinamenduak alde onik ekarri badu, hori denbora faltaren aitzakiaz egin gabe utzi ditugun gauzak egiteko astia hartzea da. Hori ere ez da denen kasua, ordea; klase sozialak eta generoak baldintzatu dizkigu konfinamenduari aurre egiteko izan ditugun aukerak eta baldintzak. Nik neuk irakurtzeko astia hartu dut, eta egun hauetan irakurri dudan altxorretako bat izan da Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da liburua. Emakume euskaldun euskaraz bizitzeko hautu politikoa egiteak, alegia izateak dakarzkigun menderakuntzak mahaigaineratu eta horiei aurre egiteko aliantzak, besteak beste, planteatzen dituen liburu ederra da.
Nik neuk irakurtzeko astia hartu dut, eta egun hauetan irakurri dudan altxorretako bat izan da Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen 'Trikua esnatu da' liburua
Liburuko pasarteko asko ekarriko nituzke iritzi artikulu honetara, baina azpimarratzeko modukoa iruditzen zait hau: «Hizkuntz hautua ere (...) oraindik, nor izatearen ardatzetakoa den neurrian, eta identitatearen eraikuntza erabat boterearekin lotuta dagoenez, auzi politikoa da goitik behera. Norbanakoen erabakimen eta burujabetza aukerari lotua, demokraziaren zein justizia sozialaren parte eta arazo».
Beraz, esan dezakegu demokratikoa dela euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituen herrialdea? Demokratikoa da euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzten agintariak dituen herrialdea? Edota euskaraz informatzeko eskubidea bermatzen ez duen telebista publikoa duena? Eta euskara doan ikasteko eskubidea bermatzen ez duena? Jasaten ditugun beste zapalkuntzak mahai-gaineratzen ari garen moduan, ezinbestekoa da hizkuntzagatik jasaten duguna ere agerian jartzea eta gure eskubideak egikari ditzatela eskatzea. Demokrazia kontua da.