Jarraian bildu dituzte aste hauetan zehar hartutako neurri nagusiak:
SEGURTASUN ETA PREBENTZIO NEURRIAK
- Kaleak eta etxeetako atari aurreak desinfektatu dira.
- Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak aurpegia babesteko pantailak egin ditu, eta hainbat gunetan banatu dituzte: herriko merkatariei, etxez etxeko zaintzaileei, udal langileei...
ADMINISTRAZIOA
- Udaletxean, 08.00etatik 14.00etara, 943 65 12 00 telefono zenbakian herritarrei ohiko arreta zerbitzua eskaintzen diete, baita udala@anoeta.eus helbidearen bidez ere.
- Herriko merkatariei (jatetxe, taberna, ileapaindegi...) hobariak aplikatuko zaizkie (hondakinak, terrazak...).
GIZARTE ZERBITZUAK
- Etxetik irten ezin duten herritarrei erosketak etxeetara eramateko udal baliabideak behar ote ziren aztertu zen, baina herriko merkatariek hartu zuten beren gain ardura, egoera honen aurretik ere egiten zuten moduan.
- Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei telefonoz deitzen ari dira nola dauden jakiteko eta beharrik ba ote duten galdetzeko.
- Egoera honek indarkeria matxista areagotu dezakeela jakitun, arriskuan dauden emakumeentzat arreta zenbakiaren berri eman da (900840111), baina farmazietako “Maskara-19” ekimenarena ere. Ez daudela bakarrik adierazi nahi diote eta laguntzeko eskura dituzten bitartekoak jarriko dituztela.
- Herritarrei Gipuzkoako Psikologia Elkargoaren zerbitzuaren berri eman zaie. Igarotzen ari garen berrogeialdi egoera honek gogo-aldarteetan eragina izan dezake (larritasuna, beldurrak, ziurgabetasuna...) horregatik, 692 566 160 telefonoan, boluntario diren osasun psikologoen bitartez doako arreta psikologikoa eskaintzen da.
- Elikagai bankuaren banaketari eutsi zaio eta banaketa indartu da herriko dendetan eskaria eginda. 24 kaxa banatu dira, familia bakoitzarentzat bana. Aurrerantzean ere zuzeneko jarraipena egingo da, behar berezirik sortuz gero egoerari erantzun ahal izateko.
- Menpekotasuna duten herritarrentzako etxez etxeko zerbitzuarekin ere koordinazioan jarraitzen dute, babes neurriak betetzen diren jakiteko, baliabideak euren eskura jartzeko eta erabiltzaileen eta zaintzaileen egoera ezagutzeko.
INGURUMENA ETA BASERRIA
- Errefusa atez ate bildu beharrean, edukiontziak jarri dira. Lurrean uzten diren poltsak gutxitzeko, hauek biltzen dituzten langileen osasuna bermatzeko eta koarentenan eta isolatuta dauden etxeek errefusa kopurua handiagoak sortuko dituztelako hartu da erabakia.Gainerako herritarrei birziklatzearen garrantzia azpimarratu diete.
- Isolamenduan edo berrogeialdian daudenek hondakinak nola sailkatu, irizpideak prestatu dira: ez bereizi sortutako hondakinak eta ondo itxitako poltsa batean sartu (gaixoa zaintzeko erabilitako eskularruak, musuzapiak eta maskarak ere bai), eskularruak erabilita. Poltsa hori bigarren poltsa batean sartu behar da (manipulatzeko eskularruak barne), eta poltsaratze bikoitz hori, ondo itxita, hirugarren poltsa batean, ondo itxita, etxebizitzan sortutako gainerako hondakinekin. Azkenik, errefusaren edukiontzi grisera botako da. Etxetik atera ezin dutenei udal langileek jasotzen dizkiete hondakinak.
- Zuzeneko salmentan aritzen diren herriko ekoizleekin harremanetan jarri dira beraien egoera ezagutzeko. Bestalde, atxikimendua adierazi diote “Azokak ireki” dinamikari. Herritarrei deia egin diete bertako baserritarren produktuak kontsumitu ditzaten eta, urte guztian bezala, herriko dendetan ere produktu horiek topatu ditzaketela gogorarazi zaie.
EUSKARA, KULTURA ETA KIROLA
- Uemaren bidez, herritarren eskura jarri da euskarazko doako online baliabideen zerrenda (ikus-entzunezkoak, kirola egiteko baliabideak, euskarazko mintzapraktika saioak...)
- Kirola elkarrekin egiteko proposamena luzatu da Abraham Olano Kiroldegitik. Nerearen laguntzarekin, astean bitan eta Skype bidez egin ahalko da. Izena eman edota informatzeko, kirolaetxean@gmail.com helbidera idatzi beharko da.
Bestetik, herritarren aldetik jaso ditzakegun proposamen edo iradokizunak gustura hartuko dituztela adierazi dute Anoetako Udaletik eta azkenik, besarkada bat bidali nahi izan diete egoera honetan sufritzen ari direnei, zaintza lanetan ari direnei, garbitzaileei, udal langileei, herriko dendariei, baserritarrei, soldatarik gabe geratu direnei eta, nola ez, etxeetan konfinatuta dauden herriko umeei.