Ikusi dugu gizakia ahalguztidun sentitzera nola iritsi den. Nola ahuldu dugun Lurra, bere ekosistema, bere biosfera, bere zera guztiak arrakalatzeraino. Eta orain, arrakala horietatik, dar-dar egin du gure mendebalak. Globala den komunitate bat eta bakarra sortzen tematu gara, eta dominoko fitxak bezala ari gara erortzen, bata bestearen herrestan.
Zientzialari zenbaitek uste dute ebola eta zika gaitzen zabalkundean bezala, COVID 19arenean ere, agroindustria eta deforestazioa daudela oinarrian. Munduan kabitu ezin garen honetan, basoak erauzten jarraitzen dugu, pertsonei jaten eman beharrean, kapitalari jaten emateko. Orain arte gizakia iritsi gabeko oihanetara ari omen gara iristen, eta lehen oihan zabalean bizi ziren saguzar espezie askotarikoak orain zuhaitz bakanetan pilatzen ari dira. Hala, orain artean elkarrekin harremanik izan gabeko espezieak pilatzen ari gara, gaitz ezezagunei ate guztiak parez pare irekiz. Eta istorio dirudien historia guzti honetan, nik ezin dut justizia poetikoa burutik kendu.
Gure kulturan inork gutxik maite dituen izakiak dira saguzarrak. Beldurrezko irudi ilun guztien osagai dira, kondairen lehengai, superstizio askoren biktima. Eta orain, gure itxialdi amaigabe honen erantzule ere bai. Lehenaz gain, horregatik gorrotatuko ditu hainbatek, baina horregatik areago maiteko ditugu beste hainbestek.
Esango nuke, saguzarrek ispilu bat oparitu digutela gutako bakoitzari. Geure buruari, herriari eta bizitzari begiratzeko ispilu bat.
Justizia poetiko horretan saguzar hori nekazaria, sendagilea, zaintzailea, garbitzailea, dendaria, banatzailea, tokiko komunitatea maite duena bertan jaioa edo ez, saregilea, hezitzailea, sortzailea da. Finean, ilunpetik argitara atera direnen irudia da, egoera honetan bizitzari eusten ari direnena. Saguzarrek gogorarazi digute zein diren «ezinbesteko ekonomia» eta gainerakoak geratzean hartu du Lurrak ere arnas.
Esango nuke, saguzarrek ispilu bat oparitu digutela gutako bakoitzari. Geure buruari, herriari eta bizitzari begiratzeko ispilu bat. Baina, honez gero, bakarren batek pentsatu du ezetz, ispiluak haustera etorri direla. Eta hori ere hala da: saguzarrek zakur-zaharren ispiluak hautsi dizkigutelako.