Zuriketa morea salatzen jarraitu beharra daukagu oraindik, ordea; izan ere, Martxoaren 8aren aitzakian, alderdi politikoetako ordezkariak emakumeen eta gizonen parekidetasunaren aldeko adierazpenak egiten ikusi ditugu lotsa gutxirekin. Mugimendu feministari Gasteizko balkoia erabiltzea ukatu dioten berberak ikusi ditugu Martxoaren 8ko manifestazioan hauteskunde kanpainarako argazkia ateratzen, baita zaharren egoitzetako langileen edota Euskal Herriko Unibertsitateko garbitzaileen lan baldintzak duintzeko neurririk hartzen ez duten politikariak; hondamendi ekologiko zein gerra suntsitzaileak bultzatzen dituzten berberak.
Euskal Herriko mugimendu feministak azken urteetan erabili duen lelo nagusiena da Bizitzak erdigunera, eta sinplea dirudien arren, sakontasun politiko handiko ideia da. Bizitzak erdigunean jartzea baita, besteak beste, Tolosalderako ospitale publikoa aldarrikatzea, Atzerritartasun Legea bertan behera utz dezatela eskatzea edota gure gorputz eta lurraldeen jabe izan nahi dugula oihukatzea.
Aldarrikapen horiek guztiak jarri genituen erdigunean Martxoaren 8an, eta horretarako, ezinbestekoa da sistema errotik aldatzea. Argi dago norabidea okerra dela eta hori erakusten duten datuak sobera ditugu. Bat aipatzearren, ikerlan interesgarria da EAEko demokrazia patriarkala. Ikerlan horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko merkantilizazio eta familiarizazio tasak aztertu dituzte. EAEn 4tik 4ko merkantilizazio tasa dago, eta horrek negozioa egiteko ahalmena ematen die enpresa pribatuei. Ondorioz, zaintza lanen zama emakume zaurgarrienen gain uzten da, etxeko langile figura betetzen duten emakume arrazializatuen gain, kasu gehienetan. Horren erakusgarri beste datu bat: Europa mailan, Hego Euskal Herriko lurraldeak dira etxeko langile gehien dauden eremuak. Ezin uka euskal oasia arrakalaz beteta dagoela.
Bizitzak erdigunean jartzea da, beraz, zerbitzu publiko eta kalitatezkoak eskatzea; kalitatezko enplegu eta zaintza bermatuko duen sistema publikoa. Bizitza bizigarriak aldarrikatzen jarraitzea dagokigu, eta horretarako ezinbestekoa da feministon autoantolakuntza. Martxoaren 7an bidea urratzen hasi ginen Anoetan, eta eskualdeko mugimendu feminista josten hasi ginen. Jarrai dezagun antolatzen eta feminismoz saretzen; ez zaigu borrokarako arrazoirik falta.