Katramila antzerki taldeak emanaldia eskainiko du igandean

Ataria 2020ko martxoaren 12a

Andoaingo antzerki eskola da Katramila. Azkeneko 10 urte luzeetan dabil martxan eta une honetan 13 talde ari dira bertan, 100 ikasletik gora. Kristina Ropero irakasleak azaldu duenez, «6 urtetik 65 urtera bitarteko ikasleak dabiltza eskolan».

Igandean, Beldur Txo Uua izeneko emanaldia eskainiko du Katramila taldeak Anoetako Mikelasagasti aretoan, 18:00etan hasita. 2018an Andoaingo Bastero antzokian estreinatutako obra da eta iazko ekainean saria eman zioten Donostiako Gazteen Antzerki Topaketan. «Horri eskerrak eta euskara batzordeak eskatuta Euskararen Egunean Lugaritz kultur etxean emanaldi bat atera zitzaigun eta zenbait eskoletan ere aritu gara», esan du Roperok.

Orain Anoetan ariko dira. Taula gainean 9 antzezle dira eta Roperok egiten ditu zuzendari lanak. Nora Urdanpilleta anoetarrak ere parte hartzen du aktore gisa. «Bizitzan nekez oztopatzen gaituzten beldurrei buruzko antzezlana da, umoretik landutakoa», aipatu du antzerkiaren zuzendariak. 12 urtetik aurrerako publikoarentzat prestatutako lana da eta 3 euro ordaindu beharko dira sarrerakoan. Herritar guztiak animatu dituzte igandeko emanaldira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!