M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Josi dute Tolosaldea Feministaren lehen txatala

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 7a, 18:59

Aiztondotik martxa bat eta Tolosatik beste bat. Bi zutabetan iritsi dira eskualdeko feministak Anoetara. Han egin dute ekitaldi nagusia.

Martxa moreak 17:30 inguruan iritsi dira Anoetako plazara eta Batumorek egin die harrera. Txalo artean agurtu dute elkar eskualdeko feministek, eta ondoren, eskuak morez pintatuta feminismoaren ikurra margotu dute.

Segidan, Nekane Peñagarikano kazetariak adierazpena irakurri du: "Jostea jakintza da. Gure burua formatu dezagun hortaz, hezi dezagun, eta izan zentzu kritikoa. Hariak ere behar ditugu, baina alperrik dira josten ez baldin badakigu. Hariak kenduko dizkigute, baina jakintza ez digu inork ostuko gure barrutik. Geu izan gaitezke hari. Osatu, adibidez, sarea orain arteko emakumeekiko gutxiespenak, prekarietateak eta indarkeriak harrapatzeko eta itotzeko. Josi gure gaitasunak, erabakimena gure esku izan dezagun. Geuk erabaki dezagun zer egin. Geuk aukeratu oihala, geuk hartu neurria eta geure gona motzerako erabili, galtza luzeak egiteko, buruko zapirako edo gobararako. Jakitun gure arteko iritzi kontrajarrietan korapilatu gaitezkeela eta gure artean orratzez zulatu. Inklusibitate hariz josi. Kolore guztiez. Gure azala zuria da, eta beltzarana eta berdatsa eta guztiak morea. Antolatu bakoitzaren indarra eta josi elkarren ezagutzaz. Batasunak jantziko gaitu eta ez da ezer estaltzeko izango. Ikus gaitzaten baizik. Adinak adin, aurrean, parean, gaudela ikusarazteko. Pentsiodunaren esperientzia eta aldarrikapena, aintzat hartu gabeko zaintzailearen indar amaigabea, feminizatutako lanaren prekarietatea... Ipurtagirian zer utzia badaukagu. Lana badaukagu. Aldarrikapenez, bazterrak josi behar ditugu. Josi eta josi. Has gaitezen oraintxe bertan gure arteko josiz eta ongi etorri ahizpak".

Hariak elkarrekin josiz sortu duten sarearen erdian jarri dute aurrez pintatutako ikur feminista eta Erre zenituzten sorginen kantua abestu dute elkarrekin, irrintzi artean eta Batumorek lagunduta.

Anoetako hainbat emakumek prestatu dituzten hainbat jaki dastatu dituzte ondoren elkarrekin: kafea, tea eta gozoak izan dira gerturatutakoentzat. Segidan, jolas-dinamikoak egin dituzte frontoian, eskualdeko emakumeen arteko ezagutzan sakontzeko. 

Poteoaren ondoren, Anoetako frontoian egingo dute afaria. Zahagi ardoa, sagardoa, ura, edalontziak eta mahaiak jarri ditu udalak eskualdeko feministentzat. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!