Julita Beraza raketista anoetarra hil da, Mexikon

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2020ko ots. 19a, 11:59

Munduko txapelduna izatera iritsi zen Juliana Ignacia Beraza Leibar pilotari anoetarra hil da itsasoz bestalde, 94 urte zituela.

94 urte zituela hil da Julita Beraza raketista anoetarra. Mexikon eman zuen bizitza erdia baino gehiago eta bertan hil zen, pasa den astean. Anoetako familiarekin harremana mantendu zuen, hala ere, eta tarteka bisita batzuk egiten zizkioten elkarri. Bere iloba Begoña Urkizu Berazarekin hitz egin TOLOSALDEKO ATARIAK berari buruzko informazioa lortzeko.

Julita, hala deitzen zioten, 1925ean jaio zen Anoetan, Buztina baserrian, Modesto-enea tabernaren ondoan. Gaur egun bere ilobak janari-denda du bertan. Txikitan plazara joaten omen ziren jolastera, eliz atarian aritzen omen ziren pilotan herriko neska-mutilak. «Begirale bat ibiltzen omen zen eta Donostian raketarekin proba bat egitea proposatu zien. Nire ama Rosario, ahizpetan zaharrena, ere joan zen, Julita eta Marirekin (hiru urte gazteagoa), baina ez zitzaion gustatu. Beste biei bai eta Groseko frontoian hasi ziren jokatzen», dio Begoña Urkizuk.

Handik Madrilera egin zuten jauzia bi ahizpek, 1940ean. Julitak 15 urterekin debutatu zuen, nahiz eta 16 urte izan arte ezin. Urte batzuk geroago Milagros, ahizpa gazteena, joan zen. Han urte batzuk egin zituzten, tarteka beste hiri batzuetako frontoietan ere jokatuz, Bartzelona eta Palma aipatzen ditu ilobak. 1952an Julita eta Mari Mexikora joan ziren. «Itsasontziz hiru hilabeteko bidaia izan zela kontatzen zuten», erantsi du.

«ERREGINAK BEZALA»

«Erreginak bezala bizi ziren Mexikon. Egunero jokatzen zuten, kinielak izaten ziren, hilabetetan pare bat egun bakarrik libratuz, baina oso ondo irabazten zuten. Batez ere Julita nabarmendu zen, munduko txapelduna izatera iritsiz. Rubiadeitzen zioten. Partidu askoren ondoren bitxiak eta loreak jasotzen omen zituen. Goi maila batean bizi ziren», adierazi du ilobak. Hiriburuko frontoietan eta Acapulcon jokatu zuen.

Beste bi senide gehiago ere joan ziren Mexikora pilotan jokatzera: lehen aipatutako Milagros eta Gonzalo puntista. Euskaldun asko ziren garai hartan pilotan jokatzen bertan.

ERRETIROA

1964an erretiratu zen Julita Beraza, Mexikoko frontoia itxi zenean. Milagros orduan Madrilera itzuli zen eta bertan jarraitu zuen jokatzen, bertako frontoia itxi arte.

«Madrilen raketisten partida ikusten izan naiz anaiarekin, 1979 urtean, baina izeba ez nuen ikusi. Oso jende gutxi joaten zen ikustera eta berehala itxi zen frontoia», dio Urkizuk. Hori gertatu zenean Milagros Mexikora itzuli zen eta bertan bizi da bere senarra eta seme-alabekin. 78 urte ditu egun. Mari Beraza 1986an hil zen Mexikon.

«2011n joan ginen Mexikora bisitan anaia eta biok eta hiru senideak bizi ziren. Hurrengo urtean hil zen osaba. Orain Milagros bakarrik gelditu da. Irurako Garbiñe Balerdi raketista ere han zen», gogoratu du Begoñak.

2003AN AZKENEKOZ

Hiru ahizpa raketista Anoetara ere itzuli izan dira bisitan. Julita azken aldiz 2003an izan zen. Eta harremana mantendu dute familiarekin. «Azkenaldian Eguberrietan hitz egin genuen Julitarekin. Burua oso ondo zeukan», aipatu du ilobak.

Bere herrikide bat, Maria Antonia Uzkudun «Anoetako txikita» izan zen bere garaian onena eta ezagunena raketisten munduan. Ez zen Mexikon izan. Honek atzean jokatzen zuen, eta Julita Berazak, aurrean.

Bi anoetarren artean osatuko omen zuten betiko raketista bikoterik onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!