Amaitu arte borrokan, helburua lortzeko esperantzarekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 12a, 19:59

Anoeta FT-ko areto futboleko nesken taldea, Gipuzkoako Ligan ari da lehiatzen, senior mailan. Hasiera ona izan arren, bolada txarrean daude, baina ez zaie ilusiorik falta.

«Gustura» ekin zioten 2019-2020 denboraldiari Anoeta FT-ko neskek. 10 jokalarik osatzen dute taldea. «Gogotsu hasi ginen, ondo jokatzen, eta hori, emaitzetan atzematen zen. Azken hilabetean, ordea, beherakada txiki bat izan dugu. Gabonetatik bueltan, lesioak, lana eta ikasketak tarteko, entrenamenduetara eta partidetara jendez justu joan izan gara, eta horrek eragina izan du emaitzetan», dio Naroa Ane Lasa jokalari irurarrak. Azken lau partidetatik hiru galdu dituzte. «Hemendik aurrera, badirudi ez dugula arazorik izango, berriro lehengo dinamikara itzultzeko».

Anoeta FT-k nesken taldea atera zuenetik sei urte bete dira, eta lehen urtetik ari da Lasa. «Jokatzen ari garenontzat ez da lehen denboraldia. Beraz, esperientzia apur bat ere badugu. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta jokatzeko moduan nabaritzen da hori. Jon Urretabizkaiak prestatzen ditu. «Berarentzat ez da lehen urtea, eta badu meritua».

«Denboraldi hasieran ez genion helbururik jarri gure buruari. Ahalik eta ondoen jokatzea, eta gustura aritzea ziren asmo nagusienak», aipatzen du Lasak. Orain, ordea, Federaziotik ohartarazi die sailkapeneko lehen lau taldeek titulua irabazteko azken fasea jokatuko dutela. «Hori lortu nahi dugu». Oraingoz, seigarrenak dira sailkapenean, 13 punturekin, eta laugarren postua hiru puntura dute. Hala ere, gainerakoek baino partida bat gutxiago jokatu dute, azken jardunaldian Eguzki taldearen aurka jokatu beharrekoa atzeratu egin baitzen. Ordizia eta Sanpedrotarra talde indartsuen atzetik, bost talde daude zazpi punturen barruan, eta horiek izango dira hirugarren eta laugarren postuetarako lehian ibiliko direnak. «Aukera polita dugula ikusita, ahalik eta partida gehien irabaztera joango gara».

Arestian aipatu bezala, ez dira bolada onena igarotzen ari, baina horri buelta ematen ahaleginduko dira, asteburu honetako partidatik hasita. Eskoriatza bosgarren sailkatuaren aurka jokatuko dute etxean, Abraham Olano Kiroldegian. «Han galdu egin genuen, eta arantza bat geratu zitzaigun. Ea hiru puntuak etxean geratzen diren, partida oso garrantzitsua izango baita».

TALDEKIDEAK

Eider Arruabarrena. Atezaina.
Naroa Ane Lasa. Atzelaria.
Igone Gutierrez. Atzelaria.
Nahikari Telleria. Atzelaria.
Ane Peña. Atzelaria.
June Aramendi. Hegalekoa.
Eider Aramendi. Hegalekoa.
Ane Cavero. Pibota.
Ane Arregi. Pibota.
Miren Izeta. Pibota.
Jon Urretabizkaia. Prestatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!